Otsailak 1, martxan da hondakinak biltzeko zerbitzu berria
2018·02·01
Gaur, otsailak 1, hasi da martxan hondakinak biltzeko zerbitzu berria Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian, helburu garbiarekin, hiru urteko epean hondakinen %75 gaika ondo bereiztuta jasotzea.
Txartelak
Organikoa eta errefusaren edukiontziak irekitzeko txartela erabili behar da. Aian gaurtik bertatik eta gainerako herrietan otsailaren 15etik aurrera. Txartelak postaz bidali ditugu etxebizitzetara.
Arreta eta Informazio bulegoak
Zabalik daude Arreta eta Informazio Bulegoak Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian, zalantzak argitzeko, txartelen gorabeherak konpontzeko.
Hondakin handien bilketa
Urtarrilaren 22an jarri da martxan etxeko hondakin handiak biltzeko zerbitzua (etxeko traste eta tresna handiak). Herri bakoitzean astean behin jasoko dira. Ikus hemen hondakin handiak noiz eta non atera behar diren.
Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak
Hondakin kopuru txikiak sortzen dituzten merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduek kaleko edukiontziak, birziklatzeko etxolak eta garbiguneak erabili behar dituzte. Hondakin kopuru esanguratsuak sortzen dituztenei, berriz, puntuz puntu bilduko zaizkie hondakinak. Argibide gehiago hemen.
Industriaguneetako enpresak
Enpresei etxeko hondakinen baliokide diren hondakin hauek puntuz puntu jasoko zaizkie: hondakin organikoak, errefusa, ontzi arinak, egurra, kartoia, plastiko filma eta poliespana. Argibide gehiago hemen.
Hondakinak ondo sailkatzeko laguntza
Hondakinak ondo sailkatzen laguntzeko esku-orria banatu dugu bost herrietako postontzi guztietan. Horrekin batera, webgunean hondakinen hiztegia jarri dugu eskura.
Hezitzaileak
Hondakinak Biltzeko Zerbitzuko langile eta hezitzaileak zerbitzu berria ezartzeko lanean ari dira eta laguntza eta aholkularitza ematen herritarrei, establezimenduei eta enpresei. Edozein galdera edo zalantza duzula ere, jarri harremanetan (Tel. 943890808, hondakinak@urolakosta.eus).