Eduki publikatzailea

Otsailaren 6an emango zaio hasiera enpresen eraldaketarako “ETE Digitala Urola Kostan” laguntza ekimenari

Guztira 4 jardunaldi eskainiko dira, guztiak online, eta horietan datuen kudeaketa eta balorizazioa izango dira hizpide. Ekimenaren helburua da, hain zuzen, eskualdeko enpresa txiki eta ertainei datuen kudeaketa aurreratuaren esparruan urratsak ematera animatzea.

2023·01·31


Gaur egun alor digitalak gero eta pisu handiagoa du enpresa munduan. Are gehiago, digitalizazioa funtsezko alorra bilakatu da enpresen eraldaketarako eta jada ezinbestekoa da datuen kudeaketa integral egoki bat izatea enpresen eraginkortasuna eta lehiakortasuna bermatzeko.

Hori aintzat hartuta, Urola Kostako Udal Elkarteak “ETE digitala Urola Kostan” egitasmoa jarri du martxan, eskualdeko enpresa ertain zein txikiei beren Industria 4.0 ibilbidea eraikitzeko laguntza eskaini eta digitalizazioaren alorrean urrats berriak eman ditzaten.

Horretarako, ekimen hau lau helburu edo urrats garrantzitsuren baitan egituratzen da:

  1. Digitalizazioari buruzko informazioa jasotzea: lehen urratsa izango da, hain zuzen otsailean egingo dena. Horretarako, jardunaldiak eta bakarkako bilerak aurreikusi ditu Udal Elkarteak.
  2. Enpresen digitalizazio-maila ezagutzea (diagnosia)
  3. Enpresaren eraldaketa digitalerako estrategia garatzea eta lan ildoak identifikatzea.
  4. Lehen urratsak emateko laguntza

Online jardunaldiak, enpresen eraldaketa digitalerako lehen urratsa

ETE Digitalaren baitan, eskualdeko enpresei digitalizazioaren inguruko informazioa helarazi eta eraldaketa digitalerako bidean lehen urratsa eman dezaten, 4 jardunaldi antolatu ditu otsailean Udal Elkarteak, guztiak online. Saio horietan, datuen kudeaketa eta balorizazioa izango dira hizpide eta interesdunek saio batean edo gehiagotan eman dezakete izena. Saioak otsailaren 6tik 16ra bitartean egingo dira, 9:30 eta 10:30 bitartean.

Ondorengoa da ETE Digitala Urola Kostan laguntza programaren egitaraua:

1. Otsailak 6: nola automatizatu zuen enpresako salmenta prozesuak datuen kudeaketa on bat eginez.

Datuen kudeaketa on bati eta teknologiari esker, enpresak gai izango dira egunerokotasuneko lan errepikakorrak automatizatzen eta horrez gain, stock-aren kudeaketan, bezeroekiko harremanetan edo finantza-prozesu automatizatuetan denbora aurreztu ahal izango dute, balio handiagoko beste eginbehar batzuetan inbertitu ahal izateko.

2. Otsailak 9: nola kudeatu zuen enpresako datu guztiak era arin eta automatizatu batean, eta nola sortu kontrol panel automatizatuak

Saio honetan enpresen datuak behar bezala kudeatzeko bideak azalduko dira eta merkatuan existitzen diren prozesuen automatizaziorako tresnak ezagutuko dituzte. Azkenik, parte-hartzaileek kontrol panelak sortuko dituzte, enpresen efizientzia hobetzen laguntzeko asmoz.

3. Otsailak 14: negozio digitala eta datuetan oinarritutako marketina

Datuen analisiak bezeroak hobeto segmentatzeko aukera eskaintzen dio enpresari, baita segmentu bakoitzak ematen dion balioa kalkulatzeko ere. Horrela, komunikazio-kanal bakoitzaren bidez inbertitzen duen marketing aurrekontua doitu eta optimiza dezake. Halaber, datuek aukera ematen diote bezero bakoitzari gehien interesatzen zaizkion produktuak identifikatzeko.

4. Otsailak 16: nola egin aurreikuspenak adimen artifizialarekin, ETEetan

Egun, adimen artifizialean integratu diren azken teknologiak, gero eta eskuragarriagoak daude ETEentzat. Hauek, datuetan oinarrituta, etorkizuna aurreikusteko aukera ematen diete, baita produkzioaren beharrei eta stock-aren kudeaketari aurre hartzeko aukera ere.

Izena-ematea

Jardunaldiak %100ean finantzatuta daude eskualdeko enpresentzat Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Gipuzkoa digitala. ETE digitala” hitzarmenaren 2022ko deialdiaren baitan. Interesdunek saio batean edo gehiagotan eman dezakete izena. Horretarako, ondorengo galdetegia bete behar da.

Argibideak eta informazio gehiago

Urola Kostako Udal Elkartea Enpresetako zerbitzua (Aintzane Ruesgas)

  • enpresa@urolakosta.eus
  • 943 89 08 08