Berriak
Atzealdea

Pilak biltzeko 70 edukiontzi berri jarriko dira eskualdean

Jada jarri dira lehen edukiontziak Zarautzen. Hurrengo asteetan jarriko dira gainerakoak.

2022·02·08


Urola Kostako Udal Elkarteak pilak jasotzeko edukiontzi berriak jarriko ditu eskualdean. Guztira,  70 edukiontzi berri jarriko dira Aian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian.

Gaikako bilketaren baitan, garrantzitsua da pilak egoki kudeatzea. Izan ere, pilak birziklatuta eragin kutsagarriak saihesten dira eta metalak berreskuratu daitezke.

Oraindik orain, herritar askok botatzen dituzte pilak errefusaren edukiontzietara. Eta pilak behar bezala ez bereizteak ingurumen-ondorio kaltegarriak dakartza. Denbora batera, pilek babes-karkasa galtzen dute eta matelak isurtzen dira.  Metal horiek lurpeko urak kutsatzen dituzte. Adibidez, merkuriozko botoi-pila batek 6.000 litro ur kutsa ditzake eta alkalinozko pilak 167.000 litro inguru. Kutsadura prozesu hori 500 urtetara irits daiteke. Hala, ingurumenean ez ezik, sailkatu gabe jasotako pilek herritarren osasunean ere eragin dezakete.

Ondorioz, garrantzitsua da, gainerako hondakin-gaiak bezalaxe, pilak ere egoki bereiztea;  birziklatze plantara sailkatuta eraman eta behar bezala birziklatzeko.