Eduki publikatzailea
Atzealdea Prest da Aiako auzokonposta gunea
2018·07·27
Auzokonpostaren bidetik, Urola Kostako Udal Elkarteak beste urrats bat eman nahi du hondakinen kudeaketa egokian. Hala, abuztutik aurrera, martxan jarriko da Aian auzokonposta gune berria. Prest daude egokitzapen lanak eta Aiako aparkaleku azpialdeko eremuan kokatutako da gunea.
Aiako gune berriarekin, eskualdeko udalerri guztietara zabalduko da auzoan konposta egiteko aukera.
Informazio-saioa
Aiarrek aukera izango dute, abuztuaren lehenetik aurrera, auzokonposta egiteko. Hain zuzen ere, behin eremua egokitu eta azken prestaketa lanak amaituta, herritarrekin egingo den informazio saioaren ondoren.
Bilera izango da datorren asteazkenean; abuztuaren 1ean, eguerdiko 14:00etan. Konposta egiteko eremuan bertan egingo da bilera; aldiz, eguraldi txarra eginez gero, herriko Kultur Etxean.
Gaian adituak diren bi hezitzailek emango dituzte konpostaren inguruko azalpen guztiak eta herritar guztiei zuzenduriko saioa izango da. Taldean konposta egiteko prozesuaren urrats guztiak azaltzearekin batera, oharrak emango dituzte prestatutako eremu berrian dagoen materialaren inguruan.
Beraz, aurretiazko izen-ematerik gabe, materia organikoa konpostatzeko interesa duten aiarrek nahikoa izango dute datorren asteazkenean bilerara gerturatzea. Urola Kostako Udal Elkarteak dei egiten die gaian interesa duten herritar guztiei bilerara gerturatzeko.
Argibideak
Argibide edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri gurekin harremanetan telefono bidez:
Urola Kostako Udal Elkartea, Hondakinak Biltzeko Zerbitzua
Urdaneta bidea 6 (Abendaño industrialdea), 20800 Zarautz
- Tel. 943890808
- hondakinak@urolakosta.eus