Eduki publikatzailea

Atzealdea Kultura eta Sormen Industrien sektorea suspertzeko eta elkarlanerako harreman-sarea ehuntzen jarraitzeko topaketaren bigarren saioa, urriaren 5ean

Urola Kostako Udal Elkarteak bultzatutako topaketa Ortuellako kultur etxean izango da, arratsaldeko 17:00etan eta helburua orain arte egindako harremanetan sakontzen jarraitu eta berriak egiteaz gain, pausu bat haratago joatea da; kolaborazioa irudikatzen hasi eta baita Kultura eta Sormen Topaguneko eragileen ezagutza, gaitasun eta zerbitzuak partekatu eta ikusarazteko bidea sortzea. Izena emateko epea zabalik da irailaren 30era arte

 

Garapen Agentzien Euskal Elkarteak (GARAPEN) hiru urte daramatza, dagoeneko eskualdeetako 6 Garapen Agentziekin elkarlanean, Eskualdeko Kultura eta Sormen Industrien sektorea suspertzeko topaketak sustatzen.

Bide horretan, aurreko urteetako topaketek izandako harrera ona ikusirik, aurten ere elkar ezagutarazteko bideak, espazioak eta testuinguruak sortzen jarraitzeko topaketa antolatu zen pasa den apirilaren 27an.

2023ko lehen topaketa saioa izango zen eta aurreko topaketa guztiak bezala, EAEko Kultura eta Sormen sektorean (arteak, arte aplikatuak, diseinua, industria sortzailea…) diharduten eragileei (edozein dela ere beren forma juridikoa edota balio-katearen edozein kate-begitan lan egiten dutela ere) bideratutako lan saioa izan zen. Topaketaren helburua, elkarlana eta lankidetza oinarri, eragileen arteko saretzea sendotzea, elkarlana sustatzea, esperientziak eta ikasketak partekatzea izan zen, proiektu aukerak identifikatzea eta horiek, elkarlanean gauzatzeko formulak ikertzea. Saio horrek utzitako zapore ona ikusirik, datorren urriaren 5ean izango da bigarrena.

Urriaren 5ean, Ortuellako kultur etxean

2023ko bigarren topaketa urriaren 5ean izango da, 17.00etan, Ortuellako kultur etxean (Catalina Gibaja Kalea, 10, 48530 Ortuella Bizkaia). Saioaren helburua orain arte egindako harremanetan sakontzen jarraitu eta berriak egiteaz gain, pausu bat haratago joatea da; kolaborazioa irudikatzen hasi eta baita Kultura eta Sormen Topaguneko eragileen ezagutza, gaitasun eta zerbitzuak konpartitu eta ikusarazteko garaiari eustea.

Orain arteko saioak, elkar ezagutza izan dute oinarri, honetan berriz, alderdi ukigarriagoa lantzen hastea proposatu nahi dute. Aurreko edizioetan egon edo ez, parte har dezake nahi duenak. Saio bakoitza berez zentzua izateko pentsatuta baitago.

Joateko autobusa eta izen-ematea

Gipuzkoako eragileen parte-hartzea errazteko eta jasangarritasunaren alde egiteko, izena emateko orrialdean ikus daitekeen bezala, ekitaldira gerturatzeko autobus zerbitzua eskainiko da. Parte hartzea baieztatu behar da ondoko galdetegia betez irailaren 30a baino lehen.

Argibideak:

Enpresentzako Zerbitzuak (Eli Uzkudun)

● Tel. 943 890808

● enpresa@urolakosta.eus