Berriak
Atzealdea

Udal Elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu du Aldundiko Ingurumen Sailarekin

Bi urterako akordioaren baitan, Urola Kostako 2022-2026 Energia Plana garatuko da eta Urola Kostako Udal Elkartea Gipuzkoako Energia Jasangarriaren eta Pobrezia Energetikoaren Lurralde Mahaiko kide izango da

2022·05·25


Jose Ignacio Asensio Ingurumen Foru Diputatu jaunak bi urteko lankidetza hitzarmena sinatu du lurraldeko Garapen Agentzia guztiekin. Akordioa Gipuzkoako Foru Aldundiak 2050erako Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategia eskualde-erakunde guztiekin lankidetzan garatzeko borondateri erantzutera dator.

Testuinguru horretan, Gipuzkoako Energia Jasangarriaren eta Pobrezia Energetikoaren Lurralde Mahaiko kide izango da Urola Kostako Udal Elkartea. Eta gainerako erakundeekin koordinazioan garatu ahalko du Udal Elkarteak iaz osatutako eskualde mailako 2022-2026 Energia Plana.

Partaidetzaren bidetik: ENERGIAREN MAHAIA eta PARTAIDETZA BATZORDEA

Eskualde mailako plangintza aurrera eramateko, dagoeneko eratu da Urola Kostako ENERGIAREN MAHAIA.  Tokiko eragileen arteko topaleku eta koordinaziorako foroa da. Besteak beste, helburu du 5 udalerrien interesei eta beharrei erantzun bateratu bat ematea eta energiaren aurrezpenaren eta eraginkortasunaren arloan egitasmo partekatuak sustatzea eskualdean. 2026ra arteko planaren etengabeko jarraipena ere egingo du mahaiak.

Asmoa da epe-motzean PARTAIDETZA BATZORDEA ere sortzea; eskualdeko gizarte eta ekonomia eragileei eta herritarrei ahotsa eman eta ekintza-planaren garapenean parte-hartze aktiboa izan dezaten.

Kontzientziazioa eta sentsibilizazio soziala

Energia-trantsizioaren norabidean, “komunikazioa, prestakuntza eta sentsibilizazioa” nabarmendu nahi izan ditu Lourdes Salsamendi lehendakariak: “Energia-eraginkortasuneko praktika onen berri eman behar dugu; herritarrei erakutsi badela trantsiziorako alternatibarik. Energia berriztagarrien bidetik energia-eraginkortasuna lortzeko, ezinbestekoa zaigu  kontzientziazioa eta sentsibilizazio soziala”.  Sentsibilizazio ekimenak indartzearekin batera, Urola Kostako Udal Elkarteak hainbat lan-ildo abiatu ditu energia-ereduaren paradigma aldaketa kudeatzeko.

Alde batetik, 4/2019 Legea kontuan hartuta, eskualdeko udalen energia-kudeaketaren eta energia-plangintzaren inguruko eskualde mailako lehen diagnosia osatu da. Eta hortik abiatuta, eskualdeko eraikin publikoen eta instalakuntzen energia-kontsumoari eta gastuari buruzko jarraipena sistematizatzeari heldu zaio. Bestetik, aurten egingo da eskualde mailan energia-pobreziaren errealitatea ezagutzeko azterketa: “energia-pobreziaren errealitatea zehatz ezagutu nahi dugu; kalteberatasun edota zaurgarritasun errealitateen berri gertutik jakin eta neurrira egokitutako esku-hartzeak diseinatzeko”, azaldu du Salamendik.

Energia trantsiziorako plan integrala

Azkenik, planaren garapenean eskualdeko ehun ekonomikoari ere erreparatuko zaio. Zerbitzu sektoreko establezimenduekin, energia berriztagarrien autokontsumorako edota kontsumo partekatuko proiektuen bideragarritasun eta ezarpen proposamenak egingo dira. Eta industria-sektoreko enpresekin, berriz, energia trantsiziorako plan integral bat bideratuko da: industria guneetan bero-sareak sortzeko aukerak aztertu eta enpresen arteko lankidetza-ekimen berriak sustatzeko.