Eduki publikatzailea

Atzealdea Udazken honetan bueltan izango dira digitalizazioari eta iraunkortasunari loturiko ikastaroak, merkataritza eta zerbitzu sektoreetako profesionalei zuzenduta

Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin lankidetzan, hiru ikastaro desberdin eskainiko dira, iraila eta urria bitartean lehena eta azaroa eta abendua bitartean bigarren zein hirugarrena. Lehen ikastaroa enpresentzako iraunkortasun tekniketan oinarrituko da eta irailaren 27an hasiko da. Ikastaroen helburua da merkataritza eta zerbitzu sektoreko profesionalak esparru horietan trebatzea eta horrela, beren enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea.

2023·09·04


Jakina da enpresen lehiakortasuna bermatzea dela Urola Kostako Udal Elkartearen helburu eta lan ildo nagusietako bat, funtsean, lehiakortasun hori estuki lotuta dagoelako eskualdeko ekonomiaren bermearekin.

Horren baitan, gizartearen digitalizazio prozesua eta iraunkortasunaren aldeko apustua funtsezko giltzarriak dira eta horregatik, Urola Kostako Udal Elkartearen helburua, nahia eta ardura da eskualdeko enpresa mota desberdinei esparru horietan trebatzeko aukerak eskaintzea, inor atzean utzi gabe, eskualdearen eta, oro har, lurraldearen garapen eraginkorra eta orekatua bermatzeko.

Merkataritza eta zerbitzuen sektoreko profesionalei zuzenduriko ikastaroak

Horri jarraiki, udazken honetan, bueltan izango da Urola Kostako Udal Elkarteak Gipuzkoa Merkatarien Federazioarekin lankidetzan, merkataritza eta zerbitzuen sektoreetako profesionalei zuzenduriko trebakuntza-formakuntza eskaintza.

3 ikastaro desberdin eskainiko dira, bata iraila eta urria bitartean eta bigarren zein hirugarrena azaroa eta abendua bitartean, guztiak, helburu bakar batekin: merkataritza eta zerbitzu sektoreko profesionalak digitalizazio zein iraunkortasunaren alorretan trebatzea eta horrela, beren enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea. Ikastaroak, gainera, %100ean diruz lagunduta daude.

Enpresentzako iraunkortasun teknikak, irailean

Irailaren 27an hasita eta urria bitarte, ‘Bereizteko gakoak: ikasi negozio iraunkorra izaten’ ikastaroa eskainiko da. Enpresentzako iraunkortasun tekniketan oinarrituta dago eta helburu izango du parte-hartzaileei beren zerbitzu edota negozioetan jasangarritasun printzipio egokiak inplementatzeko ezagutza eta trebetasunak ematea, horien iraunkortasun ekonomikoa bermatzeko eta elementu bereizle gisa.

Horretarako, parte-hartzaileak jasangarritasunaren alorrean prestatuko dira, bakoitzaren sektore eta araudi joeren arabera. Horrez gain, norberaren negozioan jasangarritasun-printzipio egokienak aplikatzeko ezagutza eta tresnak emango zaizkie eta GJHei, ekonomia zirkularrari eta karbono-aztarnari buruzko oinarrizko ezagutzak ere eskainiko zaizkie. 

Ikastaroa merkataritza turismo esparruko edo pertsonei zuzendutako beste zerbitzu batzuetako saltoki edo negozio jabe zein arduradunei zuzenduta dago eta guztira 8 saio eskainiko dira, elebitan, iraila amaieratik urri amaierara, guztiak, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Ordutegia 14:00etatik 16:00etara izango da eta Nora Alegre izango da saioen gidaria. Egutegia ondorengoa izango da: irailak 27 eta urriak 2, 4, 9, 11, 16, 18 eta 23.

Saltokiaren online eta off line esperientzia konbinatzeko ikastaroa, azaroan

Bigarren trebakuntza ikastaroa azaroaren 8an hasi eta abenduaren 4a bitarte garatuko da. Ikastaro honek digitalizazioa du ardatz eta saltokien online eta off line esperientzien konbinazioa izango ditu oinarri. Hortik abiatuta, ikastaroaren helburua da parte-hartzaileei bi espazio horietan elkar bizi daitezkeen edukiak sortzen laguntzea eta horretarako beharrezkoak diren erramintak eskaintzea, batetik bestera estrapolatu daitezkeen alderdiak identifikatzeko gaitasuna har dezaten.

Guztira 8 saio eskainiko dira, arratsaldeko 14:00etatik 16:00etara eta guztiak Urola Kostako Udal Elkartean. Jorge Malcorra eta June Aymat izango dira ikastaroaren gidariak eta saioak elebitan eskainiko dira. Egutegia ondorengoa da: azaroak 8, 13, 15, 20, 22, 27, 29 eta abenduak 4.

TikTok bideo, Reels eta sare sozialetako azken nobedadeak, azaroan

Hirugarren ikastaro hau 14 ordukoa izango da eta azaroaren 14an hasi eta abenduaren 5a bitarte luzatuko da.

Ikastaroaren helburua da negozio eta saltokietarako sare sozial berriak eta hauek eskaintzen dituzten aukera desberdinak egoki kudeatzen ikastea. Hori horrela, honen bitartez TikTok zuzen erabiltzen, salmentarako erakargarriak diren bideo laburrak egiten edota Instagramerako reelsak sortzen ikasiko dute parte-hartzaileek, baita negozioen sare sozialen edukia berritzen, mugikorretik bideoak editatzen eta bideoetarako ideia praktikoak sortzen ere.

Guztira 7 saio eskainiko dira, astearte eta ostegunetan, 14:00-16:00 bitartean, Udal Elkarteko egoitzan. Arkaitz Sukuntza izango da ikastaroaren gidaria eta gaztelaniaz eskainiko da. Egutegia ondorengoa da: azaroak 14, 16, 21, 23, 28, 30 eta abenduak 5.

Izen-ematea

Ikastaroan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Horretarako, nahikoa da email bat bidaltzea enpresa@urolakosta.eus helbidera ondorengo datuak zehaztuz:

  • IFZ / NAN
  • Enpresaren izena
  • Harremanetarako pertsonaren izen-abizenak
  • Email-a
  • Telefonoa
  • Intereseko ikastaroa(k)

Datu horiek ikastaroek kudeaketarako soilik erabiliko dira.

Argibideak edo informazio gehiago

Enpresentzako zerbitzua (Eli Uzkudun)

  • enpresa@urolakosta.eus
  • 943 890808