Eduki publikatzailea
Atzealdea Urola Kosta eskualdeak ‘Biosphere Destination’ ziurtagiria lortu du, turismo jasangarriaren alde egindako apustuagatik
2024·05·09
Urola Kostako Udal Elkartea Biosphere Certified Destination zigiluan sartu da, turismoaren kudeaketa jasangarria eta integrala bultzatzen duen kudeaketa sisteman. Administrazio publikoen, enpresa-ehunaren eta herritarren lankidetzan oinarrituta, Garapen Jasangarrirako 17+1 Helburuetan (GJH) sostengatutako zigilua da, 18. helburuak euskal kultura eta hizkuntz aniztasunari erreferentzia egiten baitio. Etengabeko hobekuntza eta ziurtapen prozesu bat da, eta, helburu horiei lotutako ekintza plan bat ondu da, ekonomiari, kulturari eta ingurumenari lotutako ekimenekin.
Turismoak eskualdean pisu nabarmena du, eta zuzenean eragiten du alor askotan. Horregatik, hurrengo urterako ekintza-plana ondoko zehar lerroez osatuta dago: ongizatea eta segurtasuna, hezkuntza, energia jasangarria, klima aldaketaren aurkako neurriak eta ekoizpen eta kontsumo arduratsua.
Turismo Arduratsuko Institutua nazioarteko GKE da, eta hark kudeatzen du Biosphere zigilua. Ekintza-planaren jarraipena egiten du, eta urtean behin ikuskaritza pasatzen du, jarritako helburuak bete diren ebaluatzeko, prozesu horren oinarria etengabeko hobekuntza baita.
Zigiluan bertan sartzea aurrerapauso garrantzitsua da eskualdearentzat, orain arte egindako lanak aintzat hartu baititu Turismo Arduratsuko Institutuak. Hala nola, ingurumen-inpaktua minimizatzeko egindako ahaleginak, turismo etiko eta arduratsuaren sustapenari eskainitako dedikazioa etab.
Edonola ere, eskualdearentzako erronka aurrerantzean etorriko da. Izan ere, zigilua berritzeko beharrezkoa izango da Zumaia, Getaria, Zarautz, Aia eta Orioko udalerrien arteko koordinazioa eta kudeaketa integrala. Ez turismo alorrean soilik, izan ere, Garapen Jasangarriko 17+1 Helburuetara gerturatzeko beste hainbat departamenduren lan-lerroak zeharka integratu behar dira.
Urola Kostarentzat tresna garrantzitsua izango da Biosphere, datozen belaunaldientzat etorkizun jasangarriago bat eraikitzen lagunduko baitu. Horretarako, lankidetzan aritu beharko du enpresa-ehun eta herritarrekin, turismo arduratsuarekiko konpromisoa eta Urola Kostako kultur eta natur ondarearen zaintza are gehiago bultzatzeko.