Eduki publikatzailea

Atzealdea Urola Kostako etxebizitza turistikoek, gainerako negozioen moduan, hondakinen tasa berezitua ordainduko dute

Ez da tarifa berria, 2019an jaso baitzen ordenantza fiskaletan, baina 5 urte hauetan ez da aplikatu, eta etxebizitza arrunten tasa bera kobratu zaie; hurrengo erreziboan, beraz, dagokien tasa zuzena aplikatuko zaie.

2024·07·04


Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) etxebizitza turistikoei (VT) hondakinen tasa berezitua aplikatuko die hurrengo erreziboetan. Izan ere, 2019. urtetik, ordenantza fiskaletan (hondakinen tasak arautzen dituen ordenantza) etxebizitza turistikoei aplikatu beharreko prezio berezitua jasota agertzen da, baina orain arte ez da aplikatu.

UKUEk ez zuen eskualdeko udalerrietako etxebizitza turistikoen erregistrorik orain arte, politikoki ere ez delako horren aldeko pausorik eman. Behin datuak eskuratuta, ordea, prezio zuzena aplikatzen hasiko da hurrengo erreziboetan, eta, ez orain arte bezala, etxebizitza arrunt batena.


Ion Arozena Eizagirre Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak azpimarratu du “gainerako negozioek (jatetxeek, ile-apaindegiek, dendek...) bezala, etxebizitza turistikoek ere hondakinen tasa berezitua ordaintzea, herritar guztienaganako errespetu keinua” dela, “duela 5 urtetik
onartutako tarifa bat izanik, gainera”.

Eusko Jaurlaritzako Turismo sailean erregistratutako datuen arabera, hauek dira Urola Kostako etxebizitza turistikoen kopuruak: Aian 3, Getarian 15, Orion 41, Zumaian 55 eta Zarautzen 213. UKUEk etxebizitza turistikoen jabeei gutuna helarazi die tarifa aldaketaren arrazoiak azalduz, eta zalantzak izanez gero harrera@urolakosta.eus emailera idazteko eskatu die.