Eduki publikatzailea
Atzealdea Urola Kostako Euskararen Ginkana martxan da
2017·10·03
Gaur, urriak 3, UROLA KOSTAKO EUSKARAREN GINKANAren 1. edizioa aurkeztu dugu.
Hainbat erakunderen artean antolatutako ekimena da (Kutxa Ekogunea, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udaletako Gaztelekuak eta Euskara Zerbitzuak, Urola Kostako Udal Elkartea eta Euskaltzaleen Topagunea) helburu argi bat duena, 15-16 urteko gazteak euskararekin eta euskaraz dibertitzea.
Gure bailaran gazteek eskolan euskaraz ikasten dute eta euskarari buruzko gaiak ere lantzen dituzte. Baina, eskola, eskola da. Horrexegatik, euskarari buruz gogoeta eginarazi nahi diegu, baina lehian, jolasean. Bost herrietako gazteak jarri nahi ditugu harremanetan, lehia sanoan, hain naturala zaien hizkuntzari buruz gogoeta egin dezaten, hizkuntzen ekologiaren ikuspegitik.
Euskararen Ginkana
Kutxa Ekoguneak 2011n antolatu zuen lehenengoz Euskal Herriko euskararen ginkana, euskaraz eta euskararekin jolas egiteko ekimena. Aurten, ginkana gure bailarara ekarri nahi izan dugu eta Urola Kostako Euskararen Ginkanaren 1. edizioa antolatu dugu.
Urola Kostako ginkana, 1. edizioa
Kutxa Ekogunearen Euskararen Ginkana euskararekin eta euskaraz dibertitzeko lehiaketa da. Euskararekin, hizkuntza aniztasunarekin eta hizkuntza-ekologiarekin lotutako hainbat proba burutu behar izaten dituzte talde lehiakideek. Urola Kostako Euskararen Ginkana I. edizio honetan mundu mailako begiradatik, Urola Kosta eskualdeko begirada eta praktiketara egingo da salto. Ikus bideoa:
Taldeak, probak eta finala
Ginkana taldeka jokatuko da (4ko taldeak).
4 proba egin beharko dira on-line (astean bat) eta puntu gehien lortzen duten lau taldeek finala jokatuko dute Zarautzen, aurrez aurre, abenduaren 2an.
Finala izango da Zarauzko Gaztelekuan, 17:00etan. Sariak: talde finalistetako kide bakoitzak 50,00 euroko erosketa bonoa eskuratuko du, bailarako establezimenduetan erabiltzeko. Talde irabazleko kide bakoitzak, berriz, 100,00 euroko erosketa bono bana.
Finalaren ondoren festa egingo da, bailarako gaztelekuetako gazteentzat (DJa, musika, askaria…).
Partehartzaileak eta izen-ematea
Izena on-line eman behar da. Ondoko webgunean daude argibideak, oinarriak, izena emateko esteka eta gainerako xehetasun guztiak:
http://www.euskararenginkana.eus/eu/ginkanak/urola-kostako-euskararen-ginkana-1-edizioa/gi-36/
4 laguneko taldeak osatzeko edo argibideak jasotzeko Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaiako gaztelekuetara jo dezakezue. Izen-ematea urriaren 3tik 19ra.
Antolatzaileak: Kutxa Ekogunea, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalak (Gaztelekuak eta Euskara Zerbitzuak), Urola Kostako Udal Elkartea eta Euskaltzaleen Topagunea.
Aurkezpenean izan dira: batetik, Itsaso Olaizola Kutxa Ekoguneko ordezkaria; bestetik, bailarako udaletako ordezkariak eta teknikariak (Jose Angel Zaldua Orioko alkatea, Nika Lertxundi Getariako alkatea, Ixidor Larrañaga Zarauzko zinegotzia, Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, gazteria teknikariak, gaztelekuetako hezitzaileak eta euskara teknikariak) eta Orioko gazteak Ginkanari ekiteko irrikan daudenak.