Berriak
Atzealdea

Urola Kostako Udal Elkarteak 9.468.137 euroko aurrekontua onartu du 2022rako

Aurrekontuak EAJ-PNV, PSE-EE eta Podemos-Equo Berdeak alderdietako hautetsien aldeko botoekin onartu dituzte. EH Bilduko hautetsiek aurka bozkatu dute

2021·12·17


Udal Elkarteko Batzar Nagusiaren bilkuran, EAJ-PNV, PSE-EE eta Podemos-Equo Berdeak alderdietako hautetsien aldeko botoekin eman zaio hasierako onarpena 9.468.137 euroko aurrekontuari. 

Lourdes Salsamendi Udal Elkarteko lehendakariak adierazi duenez, “oso kontuan hartu dira” alderdi guztien ekarpenak “modu orekatuan” ahalik eta gehienak barneratzeko. Eta jarraian halaxe mintzatu da: “Azken bi urteak zailak izan dira guztiontzat eta Udal Elkarteak, aurrekontuak onartuta, gure eskualdea suspertzeko lanean jarraitu ahal izango du; herritar guztientzako eskualde jasangarri, lehiakor eta berdinzale bat helburu. Nagusiki, funtsezko hiru ardatz nagusi betetzera bideratuko da aurrekontua: ehun ekonomikoaren babesa eta enpleguaren sustapena, hondakinen kudeaketa eraginkorra eta Urola Kostako etorkizuneko zimendu eta proiektuen garapena”.

Aurrekontuak onartuta, Salsamendik eskerrak eman dizkie PSE-EE eta Podemos-Equo Berdeak taldeetako zinegotziei “eskualdearentzat ezinbestekoak diren aurrekontuei babesa eta konfiantza emanagatik” eta EH Bilduko hautetsiei orain arteko elkarlanerako borondate  berdin-berdina adierazi die: “orain arte bezala, eta elkarrekin adostasunetara iristeko, beti izango duzue nire eskua luzatuta”. 

Ingurumena eta hondakinen kudeaketa

Aurrekontuaren %70 ingurumenari dagokio; 6.525.105,57 euro hondakinak biltzeko zerbitzuetarako, informazio- eta sentsibilizazio-kanpainetarako, hondakinen tratamendurako eta zabortegiaren kudeaketarako.

Nabarmentzeko modukoa da herritarrei bideratutako sentsibilizazio ekimenetarako eta komunikazio planak garatzeko aurrekontua (150.883,66 euro). Hondakinak biltzeko zerbitzuei aurre egiteko 4.151.370,91 euro aurreikusi dira eta hondakin organikoaren eta errefusaren tratamendurako 1.752.029,39 euro. Horrez gain, Urteta zabortegia kudeatzeko aurrekontu-partida 470.821,62 eurokoa da.

Hondakinak biltzeko zerbitzuen finantzaketari dagokionez, hondakinen tasaren bidez 4.697.666,30 euro jasotzea aurreikusten da. Gainerako finantzazioa kanpo-finantzaketari eta udalen ekarpenei dagokie.

2022ko helburua da zabor bilketa zerbitzua hobetzea eta eskualdeko hondakinen sailkatze indizea %70etik %75era bitartean kokatzea. Horretarako, berrikuntzarik nabarmenena Ingurumen Saileko giza-baliabideen arloa indartzea izango da eta herritarrei eta sektore bereziei zuzendutako informazio eta sentsibilizazio kanpainak sustatzea. Nabarmentzekoa da, Zarauzko Garbigune berriaren obrak 2022.urteko urtarrilean hasiko direla.

Garapen Agentzia

2022ko aurrekontuaren beste zati esanguratsu bat Garapen Agentziarena da, aurrekontuaren %21,81a, hain zuzen ere. Garapen Agentziak 2022an hainbat zerbitzu eta programa bideratuko ditu: pertsonentzat, laneratzen laguntzeko eta konpetentziak hobetzeko; ekintzaileentzat, ibilbide berrian laguntzeko, egindako lana balioan jarri eta ikusgaitasuna emateko nahiz  enpresak sortzea bultzatzeko; enpresentzat, lehiakortasuna bultzatzeko, eta baita, eskualdeko turismoa sustatzeko ere. Aipatu zerbitzu trinkoez gain, eskualdearentzako estrategikoak izango diren Coworking gune eta Laborategi Teknologikoa, Itsas Kirol Poloa edota energia, mugikortasun eta adimen artifizialaren alorreko hainbat proiektu ere garatuko dira 2022.urtean zehar.

2022ko aurrekontuetan 366.392,55 euro bideratuko dira pertsona, laneratzea eta talentua atalerako. Zerbitzua indartuko da, bereziki, 45 urtetik gorako herritarrentzat, gazteentzat eta baztertze arriskuan daudenentzat. Eta programa guzti-guztietan, irizpide gisara, emakumearen partehartzearen aldeko diskriminazio positiboa  aplikatuko da.

Aldi berean, ekintzailetza eta enpresen lehiakortasuna hobetzera bideratutako ekimenetarako, guztira, 1.233.606,79 euro izango dira erabilgarri. Horietatik 471.600,03 euro eskualdeko enpresa eta eragileei emango zaizkien dirulaguntzetarako izango dira. Hala, bereziki indartuko dira eskualdeko langabeak kontratatzeko, enpresa berriak sortzeko, enpresen inbertsioetarako eta lehiakortasun enpresen eta ikastetxeen arteko lankidetza indartzeko laguntza ekonomikoak.

Horrez gain, aipagarriak dira Zumaiako Soldadura Zentroko Oinarrizko Lanbide Heziketaren (291.946,86 euro) eta eskualdeko turismoaren sustapenerako atalak (173.184,34 euro).

2022.urtea Elkanoren Lehen Mundu Biraren 500.urteurrena izaki,  Urola Kostako bost udalerriak helmuga-turistiko erakargarri gisara sendotzen jarraitzeko estrategia garatu ahal izateko baliabideak ere aurreikusi dira aurrekontuan. Lehendakariak “berebiziko erronkatzat” jo du “modu jasangarri batean eskualde mailako kontakizun bat eraikitzea: eskualdeko ordezkari politikoekin nahiz herrietako turismo-zerbitzu eta teknikariekin, eskuz-esku”.

Zerbitzu orokorrak

Aurrekontuaren gainerako zatia (%10) administrazio orokorreko zerbitzuetara eta euskara eta komunikazio arlora bideratuko da; “lehentasunez eta estrategikoki,  Euskaraldiaren 3.edizioa eta turismo arloko Ongi Etorri Euskararen Herrira ekimenak indartuz”.