Eduki publikatzailea
Atzealdea Urola Kostako Udal Elkarteak arroparen berrerabilera sustatzeko kanpaina jarri du martxan
2024·11·12
Urola Kostako Udal Elkarteak, arroparen kontsumo arduratsua sustatzeko 2 hilabeteko iraupena izango duen kanpaina bat eramango du aurrera. Hau, 2024ko azarotik 2024ko abendura bitartean burutuko da, eta helburu nagusia ehun eta oinetakoen kontsumo arduratsua sustatzea izango da.
Hau aurrera eramateko, hainbat jarduera desberdin burutuko dira. Lehenik eta behin, eskualdeko 5 herrietan edukiontzi alboetan informazio puntuak ezarriko dira, honen helburua erabiltzaileen arropa gaika biltzea eta berrerabiltzearen inguruan kontzientzia piztea izanik. Horretaz gain, eskuragarri dauden bilketa puntuen berri eman, eta izan ditzaketen zalantza posibleak argituko dira.
Arropa dendetan biltzeko abantailen sentsibilizazioa ere egingo da. Izan ere, puntu hauen ugaritzeak, arroparen birziklapen eta berrerabileran duen eragina erabatekoa da. Horretaz gain, arropa biltzeko kanpainaren zozketa egingo da, honen funtsa eskualdeko herritarrek arroparen berrerabilera eta arropa hondakinak era egokian kudeatzea bultatzea izanik.
Azkenik, moda jasangarria bultzatzen duten eskualdeko sortzaileekin kolaborazioak egin dira. Jessica Gonzalez Silva We are Brinco markako moda konplementuen sortzailea da eta oihal zaharrei bigarren bizitza bat emanez, poltsak eta nezeserrak sortzen ditu. Jon Alkainek, aldiz, Bartzelonan egin zituen moda diseinu ikasketak eta Ural markapean hainbat bilduma sortu ditu. Biek bat egin dute kanpainarekin, eta sustapenarekin bat egingo dute sare sozialetan bideoak partekatuz.
“Prebenitu, berrerabili eta birziklatu”
“Prebenitu, berrerabili eta birziklatu” lelopean hiru kanpaina antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak ikasturte honetarako; arroparen kontsumo arduratsuaz gain, auzo-konposta, elikagaien xahuketa eta etxeko hondakinen birziklapena landuko dituzte besteak beste.
Kanpainen eta egingo diren jarduerei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bide hauek erabil daitezke: hurrengo telefonora deituz 943890808 edo honako helbide elektronikora idatziz hondakinak@urolakosta.eus, baita Urola Kostako Udal Elkartearen sare sozialetan eta web-orrian ere.
UKUEk, kanpainetako ekintza guztietan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.