Eduki publikatzailea

Atzealdea Urola Kostako Udal Elkarteak badu Berdintasun Plana

Gaur onartu da aho batez Udal Elkarteko zuzendaritza batzordean 2025-2028 aldirako Berdintasunerako I. Barne Plana. Gainera, plana egiterakoan aintzat hartu da udal elkarteak komunitatean eragiteko duen ahalmenean, lan-esparruan bereziki

2025·07·23


Urola Kostako Udal Elkarteak onartu berri du, aho batez, Berdintasunerako I. Barne Plana; erakundearen kudeaketan eta egituran ikuspegi feminista ahalik eta gehien txertatzeko helburuarekin, erakundeko langileei eragin diezaieketen genero desberdintasunak murriztu nahi dira.

Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria pozik agertu da emandako urratsarekin, Ion Arozenaren hitzetan, “Udal Elkartearen helburuetako bat da inguruaren garapena eta jasangarritasuna, eta hori ezin da ulertu emakumeen eta gizonen arteko berdintasunik gabe. Gizartearen esparru guztietan da ezinbestekoa, baina, erakunde publikoak eredugarriak izan behar dugu erantzukizun horren aurrean”.

Aurretiaz egindako diagnostiko batean du abiapuntua plan honek, diagnostiko horri esker detektatu ahal izan baitira Urola Kostako Udal Elkartearen indarguneak eta hobetzeko arloak emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez.

Datorren lanketarako abiapuntua

Orain aurkeztu den planak aurrera begira jartzeko bokazioa dauka, eta 2028 bitartean bertan jasotzen diren ekintzak egikaritzen joango dira. Hori horrela, arreta berezia jarriko zaio lantaldearen trebakuntzari, zaintza eta kontziliazio erantzunkidea lortzeari edota lan eremu osasungarria izateari.

Urola Kostako Udal Elkartearen kasuan, barne izaerako plana bada ere, Udal Elkarteak ematen dituen zerbitzuen artean daude ingurumenaren, enplegu zein garapen ekonomiko sozialaren sustapena, eta horrek ahalmen handia eman dio erakundeari tokiko komunitatean eragiteko. Enpresekin, pertsonekin eta prestakuntza-jardueren antolaketarekin zuzenean lan egiten duenez, posizio estrategikoa du berdintasuna sustatzeko, bai lan-esparruan, bai jendarte esparruan. Eragin-gaitasun horrek funtsezko eragile bihurtzen du erakundea hainbat sektoretan berdintasun- eta sentsibilizazio politikak sustatzeko.

Plan honek, gainera, irismen zabala izatea du helburua, aintzat hartzen baititu bai emakumeak, bai sexu-joerarengatik edo genero-identitateagatik –hots, sexuaren-generoaren sexualitatearen gaineko gizarte-arauak ez betetzeagatik– diskriminazioa nozitzen duten pertsonak (LGTBI pertsonak). Hortaz, sexuan eta generoan oinarritutako egiturazko desberdinkeria jartzen du erdigunean.