Eduki publikatzailea
Atzealdea Urola Kostako Udal Elkarteak enpresei eta ekintzaileei zuzendutako Energia Alorreko Informazio Gunea zabaldu du
2024·05·17
Urola Kostako Udal Elkarteak, klima-aldaketari aurre egiteko eta jasangarritasuna sustatzeko ahaleginean, energia alorreko informazio gunea jarri du abian. Informazio gune hau eragile ekonomiko guztiei dago bideratuta, gaur egun bizitzen ari garen trantsizio energetikoan parte hartzeko beharrezko informazioa eta baliabideak helarazteko eta ingurumenarekin gero eta ardura gehiago duen merkatu batean posizionamendu hobea lortzeko.
Energia alorreko informazio guneak aholku eta tresna ugari eskaintzen ditu enpresei beren energia-kontsumoa murrizten laguntzeko, eta, horrela, beraien jardueren bidez eraginkortasun eta jasangarritasun handiagoa bultzatzeko. Eskualdeko enpresetako ordezkarien testigantzak ere topa daitezke gune honetan, bideo erreportaje batzuen bitartez beraien esperientzien berri eman baitute. Isladak ingurumen eta jasangarritasun aholkularitza, Argisun soluciones energéticas, Jolas haur parke jasangarriak, Jesuskoa landetxea eta Gaintza Txakolina dira ekimenean parte hartu dute Urola Kostako enpresak.
Urola Kostako Udal Elkarteak informazio-gune honen bidez hurrengo helburuak lortu nahi ditu:
- Eskualdeko egungo energia-egoerari buruzko informazioa zabaltzea.
- Energiaren, mugikortasunaren eta klima-aldaketaren inguruan udal elkarteak egindako ekimenak ezagutaraztea.
- Energia eraginkortasunaren sustapenean eta klima-aldaketaren aurkako borrokan enpresentzako euskarri izatea, mota horretako jarduerak errazten dituzten baliabide, dirulaguntzak eta tresnak ezagutaraziz.
- Eragileen arteko lankidetza sustatzea eta klima-aldaketaren aurkako borrokan aliatu izatea.
Helburu horiek jarraituz, 7 atal definitu dira informazio gunean. Atal hauek guztiak energiaren eta klima-aldaketaren alorreko informazioa zabaltzea eta gai hauen inguruko ekimenak sustatzea dute oinarri:
- Urola Kostako egoera energetikoa
- Enpresen energia betebeharrak eta dirulaguntzak
- Eraginkortasuna eta energia motak
- Energia berriztagarriak enpresatan
- Prestakuntza eskaintza
- Mugikortasun jasangarria
- Klima aldaketa
Energia alorreko informazio gunea martxan jartzearekin batera, Urola Kostako Udal Elkarteak difusio/sentsibilizazio kanpaina bat jarriko du abian bere sare sozialen bidez. Kanpaina #energiaplana hastag-aren bidez jarraitzera gonbidatzen zaituztegu Facebook, Twitter eta Instagramen.
Informazio gehiago
Energía alorreko informazio gunea
943 89 08 08 (Eneko Larumbe)
energia@urolakosta.eus