Eduki publikatzailea
Atzealdea Urola Kostako Udal Elkarteak hondakinen sorkuntza prebenitzeko hainbat kanpaina abiarazi ditu
2024·11·08
Urola Kostako Udal Elkarteak hiru kanpaina jarri ditu martxan ikasturte honetarako, eta helburu nagusi bat dute guztiek, eskualdeko herritarrak hondakinak prebenitzeko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko kontzientziatzea, hain zuzen.
Lehenengo kanpaina eskualdean auzo-konposta sustatzeko komunikazio kanpaina bat da. Gaur egun, 11 dira Urola Kostako auzo-konposta gune aktiboak: Zumaian eta Orion 4, Getarian 2 eta Zarautzen 1. Kanpaina honen bitartez, Udal elkarteak auzo-konposta sistema hobetzea, herritarrak animatzea, eta, egungo eremuen sarea zabaltzea du helburu. Horretarako, tailerrak egingo dira erabiltzaile berrientzat, eta proba pilotu bat jarriko da martxan eremuetako batean.
Bigarren kanpainak hondakinen prebentzioa sustatuko du eskualdeko eragileen artean. Zehazki, 6 lerrotan banatuta egongo da kanpaina, bakoitza hondakin frakzio batean zentratzen delarik:
- Elikagaien xahuketa: elikagai gutxiago alferrik galtzearen aldeko kanpaina, 7.059 tona elikagai xahutzen baitira urtean Urola kostan.
- Erabilera bakarreko ontzien murrizketa: udal bulego eta ekipamenduetan erabilera bakarreko ontziak murriztu ditzaten sustatzeko kanpaina
- Publizitatea arautzea: “Publizitatea? Ez, eskerrik asko” lemapean, Urola Kostako Udal Elkarteak publizitateak sorturiko hondakinak murrizteko kanpaina martxan jarriko du.
- Arroparen kontsumo ez arduratsua: armairuan ahaztutako jantziei bigarren bizitza bat ematearen aldeko kanpaina.
- Ekitaldi publikoak girotzea: eskualdean egiten diren jai, merkatu, azoka txiki eta ekitaldi publikoetako ingurumen jardunbide egokiak zabaltzea eta normalizatzea, ekitaldi iraunkorragoak egiteko.
- Etxeko hondakinak birziklatzea: etxeko hondakinak birziklatu eta era egokian kudeatzeko kanpaina.
Kanpainako ekintzak 2024ko urritik 2024ko abendura bitartean egingo dira, eta Udal Elkarteko web orriaren eta sare sozialen bidez jakinaraziko dira.
Azkenik, Udal Elkarteak Eskolako Agenda 2030 eta ZiSare programa martxan jarriko ditu eskualdeko ikastetxeekin. 2024-2025 ikasturtean, Eskolako Agendak 12. Garapen Iraunkorreko Helburua landuko du, ekoizpena eta kontsumo arduratsua sustatzea helburu duena. Era berean, ZiSare proiektua bi lan-eremutan bereiziko da: hiri-hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea, eta, konposta.
Eskualdeko diseinatzaile gazteek bat egin dute kanpainarekin
Ion Arozena Eizagirre lehendakariak azaldu du, “aurten, garrantzi berezia eman nahi zaiola arroparen berrerabilera kanpainari, eta, ondorioz, hainbat ekintza berritzaile burutuko direla: informazio puntuak ezarri, atez ateko bilketak, proba pilotuak…baita moda jasangarria bultzatzen duten eskualdeko sortzaileekin kolaborazioak egin ere”. Izan ere, Jessica Gonzalez da Silva zumaiarrak eta Jon Alkain oriotarrak bat egin baitute kanpainarekin.
Jessica Gonzalez da Silva We are Brinco markako moda konplementuen sortzailea da eta oihal zaharrei bigarren bizitza bat emanez, poltsak eta nezeserrak sortzen ditu. “Interesgarriena etxean ditugun oihalei eta produktuei beste zentzu bat bilatzea da. Askotan, potentzial handiko gauzak izaten ditugu, baina begirada berri batekin begiratu eta etxean duguna aprobetxatu beharrean, asperduraz begiratzen diogu eta merkatuan atera den azkena erostera joaten gara”.
Gonzalez da Silvak bi urte daramatza proiektuarekin, eta, orain, Urola Kostako Udal Elkarteko enpresa sustapen zerbitzuaren laguntzarekin, Mao arte estudioa zabaldu berri du Zumaian. Bertan, arropei bigarren bizitza bat ematen ikasteko tailerrak eskaintzen ditu, besteak beste.
Jon Alkainek, aldiz, Bartzelonan egin zituen moda diseinu ikasketak eta Ural markapean hainbat bilduma sortu ditu. Unisexak dira bere diseinuak eta arroparen bidez indarra transmititu nahi die bere bezeroei. “Nahiko nuke nik sortutako arropa janzten duena indartsu sentitzea” dio. Sare sozialen bidez erakusten ditu bere lanak, eta kirol-jertseak diseinatzen nahiz neurriko arropa egiten ere hasi da.
Bi sortzaileek sareetan bideo kolaborazioak egingo dituzte Udal Elkartearekin.