Berriak
Atzealdea

Urola Kostako Udal Elkarteak irmoki salatu eta gaitzetsi du azken egunetan nahita eragindako suteekin edukiontziak erretzea

Urte zahar gauaz geroztik, ia egunero jazo dira halako ekintzak. Guztira, 12 edukiontzi erre dituzte eskualdean

2022·01·04


Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak, Lourdes Salsamendik, “irmoki salatu eta gaitzetsi” du azken egunetan, nahita eragindako suteen ondorioz, eskualdeko hainbat edukiontzi erretzea. Guztira, 12 edukiontzi erre dituzte azken astean: urte zahar gauean 5, larunbatean 2 eta bart gauean beste 5.

“Kalte materialak 14.000 euro ingurukoak izan dira. Baina, larriena, kasu honetan, hainbat bizilagunen segurtasuna arriskuan jarri izana da. Eta hori, onartezina da. Gainera, zabor bilketa bezalako zerbitzu garrantzitsu bati eragiten diote gertakari hauek, eta berriz ere, kaltetuenak suteak jazo diren puntuetako bizilagunak dira. Ekintza hauek lekuz kanpo daudela eta zentzugabekeria hutsa direla uste dugu”, salatu du Salsamendik.

Ekintzak gaitzestearekin batera, elkartasun mezua ere helarazi nahi izan du UKUEko lehendakariak: “Gertakari larri hauen aurrean, kaltetu zuzenak izan zareten bizilagun guztiei gure elkartasuna adierazi nahi dizuegu eta Udal Elkartetik erantzun azkar bat ematen saiatuko garela adierazi, beti ere, zerbitzuan ahalik eta kalte gutxien sorrarazteko helburuarekin”.