Eduki publikatzailea

Atzealdea Urola Kostako Udal Elkarteak onartu du 2020ko aurrekontua

2020ko aurrekontua 9.353.864,24 eurokoa da.

2019·12·20


Udal Elkartearen egoitzan egin zuten Batzar Nagusiaren bilkura Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako zinegotziek, abenduaren 19an, arratsaldeko seietan, 2020ko aurrekontua onartzeko.

Urola Kosta Udal Elkarteko Batzar Nagusiak 2020ko aurrekontuari hasierako onarpena eman dio. Aurrekontuak EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu dituzte. EHBilduko hautetsiak abstenitu egin dira.

2020ko aurrekontua 9.353.864,24 eurokoa da.

Ingurumena eta hondakinen kudeaketa

Aurrekontuaren %70 ingurumenari dagokio; hondakinen bilketa, tratamendua, eta zabortegiaren kudeaketa zerbitzuak burutzeko (4.861.725,71 euro). Nabarmentzeko modukoa da herritarrei bideratutako sentsibilizazio ekimenetarako eta komunikazio plana garatzeko aurrekontuko-partida (1.717.920,74 euro). Horrez gain, GHKri hondakin organikoaren tratamenduagatik 1.717.920,74 euro ordaindu beharko zaizkio. Izan ere, eskualdeko sailkatze tasa hobetzearen ondorioz, iaz bezala, %30eko hobaria izango dugu. Hondakinak biltzeko zerbitzuen finantzaketari dagokionez, hondakinen tasaren bidez 4.571.000 euro jasotzea aurreikusten da. Gainontzeko %30a kanpo finantzaketari dagokio.

2020ko helburua da zabor bilketa zerbitzua hobetzea eta eskualdeko hondakinen sailkatze indizea %70etik %75era bitartean kokatzea. Horretarako, berrikuntzarik nabarmenena Ingurumen Saileko giza-baliabideen arloa indartzea izango da: datorren urtean, astelehenetik ostiralera, goiz eta arratsaldez, hezitzaile bana jardungo da lanean; eta beste horrenbeste jai egun eta asteburuetan. Zerbitzuaren hainbat egokitzapen hobetzeko, eta aipatu helburua lortzeko, Udal Elkarteak enpresen, merkatarien eta ostalaritzako ordezkarien ekarpenak jasotzeko mahaia sortuko du.

Garapen Agentzia

2020ko aurrekontuaren beste zati esanguratsu bat Garapen Agentziarena da, aurrekontuaren %20a hain zuzen ere. Garapen Agentziak 2020an hainbat zerbitzu eta programa bideratuko ditu: pertsonentzat, laneratzen laguntzeko eta konpetentziak hobetzeko; ekintzaileentzat, enpresak sortzea bultzatzeko; enpresentzat, lehiakortasuna bultzatzeko, eta baita eskualdeko turismoa sustatzeko ere.

2020ko aurrekontuetan 314,498,08 euro bideratuko dira pertsona, laneratzea eta talentua atalerako. Zerbitzua indartuko da, bereziki, 45 urtetik gorako herritarrentzat, gazteentzat eta baztertze arriskuan daudenentzat. Eta programa guzti-guztietan, irizpide gisara, emakumearen partehartzearen aldeko diskriminazio positiboa  aplikatuko da.

Aldi berean, ekintzailetza eta enpresen lehiakortasuna hobetzera bideratutako ekimenetarako, guztira, 1.047.392,78 euro izango dira erabilgarri. Horietatik 455.000,000 euro eskualdeko enpresa eta eragileei emango zaizkien dirulaguntzetarako izango dira. Hala, bereziki indartuko dira eskualdeko langabeak kontratatzeko, enpresa berriak sortzeko, enpresen inbertsioetarako eta lehiakortasun enpresen eta ikastetxeen arteko lankidetza indartzeko laguntza ekonomikoak.

Horrez gain, aipagarriak dira Zumaiako Soldadura Zentroko Oinarrizko Lanbide Heziketaren (268.000 euro) eta eskualdeko turismoaren sustapenerako atalak (212.829,03 euro).

Zerbitzu orokorrak

Aurrekontuaren gainerako zatia (%10) euskara eta komunikazio arlora eta administrazio orokorreko zerbitzuetara bideratuko da. Aipagarria da Udal Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta UEMArekin elkarlanean abiaraziko duen proiektu berritzailea: bailarako 5 udalerriak arnasgune izaki, turismo –estrategiaren erdigunean kokatuko du Euskara, Turismo Mahaiaren baitan, eskualdeko turismo-eskaintzari balio erantsia emanez.

Behin 2020. urteko aurrekontua onartuta, Udal Elkartearen asmoa da, elkarlanaren bidetik, eskualdea sustatzeko, eta hobetu beharrekoak denon artean hobetzeko, akordioetara iristea.