Eduki publikatzailea
Atzealdea Urola Kostako Udal Elkartearen kanpaina berriak erabilera bakarreko ontziekin amaitzea du helburu
2024·11·29
Urola Kostako Udal Elkarteak udal bulego eta ekipamenduetan erabilera bakarreko ontziak murriztu ditzaten sustatzeko kanpaina bat aurrera eramango du hurrengo hilabetetan.
Kanpaina honen helburu nagusia tokiko administrazio publikoetan ur ontziratuaren ordez iturriko uraren erabilera sustatzea izango da, horrela, botilako uraren kontsumoarekin lotutako plastikozko botilen hondakinak murrizteko, baita ur hori fabrikatzeak, biltzeak eta azken tratamenduak eragiten dituzten inpaktuak murrizteko ere.
Hau aurrera eramateko, eta iaz iturriko uraren inguruan garatutako azterlanaren difusioa egiteko asmoarekin, Urola Kostako tokiko administrazioari zuzendutako formakuntza saio bat burutzea proposatzen da. Izan ere, 2024. urtean egindako ingurumen ikuskaritzaren ondorioz eskualdeko langile publikoek ingurumen arloan formakuntza gabezia zutela ikusi zen. Saio honetan botilako uraren eta iturriko uraren ezaugarriak, botilako uraren inpaktuak eta iturriko uraren eta botilako uraren alderaketaren gaiak jorratuko dira. Eta, gainera, aurreko urtean egindako ingurumen ikuskaritzen emaitzak aurkeztu eta hitz egiteko ere balioko du saioak.
“Prebenitu, berrerabili eta birziklatu”
“Prebenitu, berrerabili eta birziklatu” lelopean hiru kanpaina antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak ikasturte honetarako; erabilera bakarreko ontzien murrizteaz gain, auzo-konposta, arroparen berrerabilera eta etxeko hondakinen birziklapena landuko dituzte besteak beste.
Kanpainen eta egingo diren jarduerei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bide hauek erabil daitezke: hurrengo telefonora deituz 943890808 edo honako helbide elektronikora idatziz hondakinak@urolakosta.eus, baita Urola Kostako Udal Elkartearen sare sozialetan eta web-orrian ere.
UKUEk, kanpainetako ekintza guztietan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.