Eduki publikatzailea

Atzealdea Urola Kostan elikagaien xahuketa murrizteko kanpaina jarri du abian Urola Kostako Udal Elkarteak

Kanpaina eskualdeko herritarrei zuzenduta dago, eta herritarrak kontzientziatzea oinarri hartuta, ekintza desberdinak barnebiltzen ditu: kamioien errotulazioa, sukaldaritza tailerrak, jatetxe edota tabernetan banatzeko tupper edo ontziak, supermerkatuei bisitak…

2022·11·18


Elikagai xahutuak edo alferrik galduak nekazaritzako, abeltzaintzako edota arrantzako janariaren katean baztertutako janariak dira, oraindik ere jan daitezkeenak eta giza kontsumorako egokiak direnak. Alabaina, ez zaie erabilera alternatiborik ematen, eta, ondorioz, hondakin gisa suntsitzen dira.

Munduan ekoiztutako janariaren herena alferrik galdu edo xahutzen da. Zehazki, urtero 1.300 milioi tona. Datu hori Urola Kostara ekarriz, urtero 7.900.000 kg elikagai xahutzen dira. Eta ez hori bakarrik. Zifra horiei, gainera, elikagaien xahuketa horren ondorioz xahutzen den ur kopurua, diru kopurua edota isuritako CO2 kopurua gehitu behar zaizkio, 1.100.000 m3 ur, 13.200.000 € eta 19.800.000 kg CO2 urtero, hurrenez hurren.

Datu horiek guztiak kontuan hartuta, Urola Kostako Udal Elkarteak elikagaiek xahuketa murriztu eta saihesteko kanpaina jarri du abian, hondakin gisa kudeatzen diren elikagaien kopurua murrizteko eta, soberakinen aprobetxamendua indartuz eta bultzatuz, soberakinak sortzea saihesteko eta herritarrak elikagaien xahuketaren inguruan kontzientziatzeko.

Kanpaina hori Lourdes Salsamendik , Udal Elkarteko lehendakaria, aurkeztu du gaur goizean egindako prentsaurrekoan. “Udal Elkartetik amaiera eman nahi diogu elikagaien xahuketari”, adierazi du Salsamendik. “Azken urteotan lan handia egin dugu hondakinen alorrean, hondakinak ondo sailkatuz eta birziklapen datu onak lortuz eta mantenduz. Orain, ordea, urrats bat gehiago emateko garaia da. Orain, guzti horren aurre-lanketa egin behar dugu, elikagai horiek zaborretan amaitu ez dezaten soberakinak sortzea saihestuz”, adierazi du.

Elikagaien xahuketa geratzea guztion esku

Kanpaina abian jartzeko Urola Kostan egindako elikagai-xahuketaren diagnosia hartu du oinarri Udal Elkarteak eta bertako ondorioetatik abiatuta, hainbat ekintza eta jarduera aurreikusi ditu kanpainaren baitan, esan bezala, herritarrak gaiaren garrantziaren inguruan kontzientziatzeko.

- Herritarrei zuzenduriko sukaldaritza tailerrak –

Aurrez aipatu gisa, eskualdeko bost udalerrietako herritarrak dira kanpaina honen hartzaile nagusiak eta herritarren kontzientziazioa piztea izanik kanpainaren helburu nagusietako bat, guztiei zuzenduriko sukaldaritza tailerrak antolatu ditu Udal Elkarteak.

Tailerrak, hain zuzen, udalerri guztietan egingo dira, Aian, Getarian, Orion eta Zumaian bana eta Zarautzen bi. Horietan, lehenik eta behin, elikagaien xahuketaren inguruko azalpenak emango dira eta ondoren errezeta bat sukaldatuko da bertaratzen direnekin.

Parte-hartzaileei, halaber, amantala eta elikagaien xahuketaren inguruko gida bat emango zaie. Gida honek, elikagaien xahuketa saihesteko hainbat gomendio jasotzen ditu, besteak beste, despentsa edota hozkailuaren antolaketa, elikagaien etiketen inguruko informazioa ulertzeko gakoak, errazioak kalkulatzeko neurriak…

Horrez gain, tailerretara bertaratzen direnen artean ere 100€ko 3 bono zozketatuko dira. Bono horiek kanpainan parte-hartzen duten taberna zein jatetxeetan gastatu ahal izango dira eta zozketan parte-hartzeko ezinbestekoa izango da adin nagusia izatea eta Urola Kostako udalerrietako batean bizitzea.

Era berean, Urola Kostako Udal Elkarteko Ingurumen sailaren instagram kontuan ere (@ukueingurumena) beste 100 €ko bonoa zozketatuko da bertako iragarkian azaldutako baldintzak jarraituta.

Tailerretako egutegia ondorengoa da:

  1. Azaroak 21: Aia. 17:00 Alkar Elkarte Gastronomikoan
  2. Azaroak 22: Orio. 17:00 Muskulu Elkarte Gastronomikoan
  3. Azaroak 23: Zarautz. 10:00 Aiala Sukaldaritza Eskolan
  4. Azaroak 24. Zumaia. 17:00 Txoaskina Elkarte Gastronomikoan
  5. Azaroak 29: Zarautz. 17:00 Galeperra Elkarte Gastronomikoan
  6. Abenduak 1: Getaria. 17:00 Arrantzale Zaharren elkartean

- Supermerkatuetara bisitak-

Hori horrela, dagoeneko Urola Kostan hondakin gehien sortzen duten 15 supermerkatu bisitatu ditu Udal Elkarteak, horiek xahutzen dituzten elikagaien zenbatekoa ezagutu eta soberakinak nora bideratzen dituzten jakiteko. Asmoa da etorkizunera begira sobratutako elikagai horiek dohaintzan emateko zirkuitu bat martxan jartzea, elikagaien aprobetxamendua indartuz.

- Ontziak edo tupperrak eskualdeko jatetxe eta tabernetan-

Era berean, eskualdeko 200 taberna eta jatetxe ere bisitatu dira eta kanpainan parte-hartzen dutenen artean tupperrak edota ontziak banatuko dira jatetxe zein tabernetan bezeroek sobratutako janaria etxera eraman ahal dezaten. Kasu honetan, supermerkatuekin bezala, dohaintza zirkuitu bat martxan jartzeko aukera aztertzen ari da Udal elkartea, sobratzen diren elikagaiak dohaintzat emateko.

Ildo horretan, datorren abenduaren azaroaren 30ean jatetxe zein tabernetako jabeekin mahai ingurua egingo da Urola Kostako Udal Elkartean, elikagaien xahuketaren inguruko azalpenak eman eta xahuketa hori murrizteko gakoak elkarren artean partekatzeko.

Horrekin batera, beste hainbat jarduera ere barnebiltzen ditu kanpainak, horien artean hondakin bilketako kamioien errotulazioa, xahuketaren datu esanguratsuenekin.

“Kontsumitzeko egokiak diren janariak hondakin gisa kudeatzeak sortzen duen ingurumen, gizarte eta ekonomia inpaktua oso kontuan izan beharreko zerbait da. Izan ere, hori guztia zaintzea guztion ardura da eta hori hobetzeko edozein keinu txiki baliagarria eta baliotsua da. Elikagaien xahuketa saihestuz, ur gutxiago erabiliko dugu, dirua aurreztuko dugu eta ingurumenarentzat eta gizakiarentzat kaltegarriak diren CO2 isuriak murriztuko ditugu. Urola Kostako Udal Elkartetik ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen zaintzaren aldeko apustua egiten dugu eta apustu horri helduta horrelako kanpainen bitartez aurrera pausoak ematen jarraituko dugu, guzti horren alde eta, bereziki, eskualdearen zein eskualdeko herritarren ongizatearen alde”, amaitu du Salsamendik.