Eduki publikatzailea
Atzealdea Zarauzko garbigune berria eraikitzeko lanak, martxa onean
2023·03·30
Aurrera eta martxa onean doaz Zarauzko garbigune berria eraikitzeko lanak. Garbigune hori udal elkarteak Urdaneta kalean duen egoitzaren alboko partzelan kokatzen da eta honek, etorkizunean, egun Zarautzen dagoena ordezkatzea du helburu.
Izan ere, gaur egun, eskualdean hiru garbigune daude: Aia-Orion, Zarautzen eta Zumaian. Lehen garbigunea Zarauzkoa 2002an eraiki zen, ondoren Zumaiakoa 2005. urtean eta azkenik Aia-Oriokoa, 2010. urtean. Zarauzkoa, baina, txikiena da, baina, aldi berean, baita hondakin gehien jasotzen dituena ere. Azken urteetan, erabiltzaile eta hondakinen sarrera-erregistro gehien izan dituen garbigunea izan da. Urtean zehar, eskualdeko hiru garbiguneetan utzitako hondakinen erdia bertan erregistratzen da. Eta erabiltzaileei dagokionez ere, Aia-Orio eta Zumaiako garbigunea erabiltzen dutenak bezainbeste dira Zarauzkoak.
Garbigune horren partzela, ordea, oso estua da eta honen azalerak, edukierak eta antolamenduak asko mugatzen dute hondakinen kudeaketa egoki bat egitea (kamioiak ez dira sartzen, adibidez). Hori aintzat hartuta, 2020ko azaroan eman zion onarpena Udal Elkarteak garbigune berria eraikitzeko finantzaketari eta 2022an ekin zioten eraikitze lanek.
Garbigune berriaren ezaugarriak eta hobekuntzak
Zarauzko garbigune berriak 3.265m2 izango ditu eta eskualdeko handiena izango da. “Urola Kosta garbi, ekologiko eta jasangarri bat lortzeko bidean, Zarauzko garbigune berria eskualdearen garapenerako ezinbesteko azpiegitura da”, adierazi du Lourdes Salsamendi lehendakariak. “Inbertsioa sustatu, eta zerbitzu publikoak indartzera dator eta garapen jasangarri baterako ezinbesteko azpiegitura izateaz gain, herritarrei zerbitzu publiko egokiagoak eskaintzea eta lanpostu berriak sortzea ere ahalbidetuko du” gehitu du.
Garbigune berriarekin hondakinen kudeaketako araudi berrietara egokituko da eskualdeko bilketa zerbitzua. Jasangarritasuna oinarri, ekonomia zirkularraren aldeko apustu garbia egin da; besteak beste, gailu elektronikoen berrerabilpena modu aktiboan bultzatuko baita.
Izan ere, indarrean dauden hondakinei buruzko legeen helburu nagusiena da hondakinak prebenitzea eta hondakinak birziklatu baino lehen berrerabiltzea, garbiguneetara iristen diren objektu askok zuzenean berrerabiltzeko edo konpondu ondoren berriro erabiltzeko ahalmen handia baitute.
“Azken urteotan garbi nabaritu dugu gero eta gehiago direla garbiguneetan utzitako hondakinak eskuratu nahi dituzten erabiltzaileak. Beraz, garbigunea, hondakinak uzteko lekua ez ezik, objektuak berrerabiltzeko gune egokia izan daiteke eta berrerabilpena sustatzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko balio dezake”, azaldu du Lourdes Salsamendi lehendakariak.
Hori horrela, Zarauzko garbigune berriak berrerabilpen gunea izango du, hondakinen kopurua gutxitzeko eta erabiltzaileek eramandako objektuak (erabilera berria izateko aukera dutenak) beste erabiltzaileek aske eta doan eraman ahal izateko.
Horrez gain, garbigune berria pisu handiko kamioak jasotzeko prestatuta egongo da eta horiek hondakinak deskargatu eta pisatu ahal izango dituzte. Era berean, edukiontziak iraulketa eginez hondakinak isuri ahal izateko antolatuko dira, isurketa hori azkarrago egiteko hondakinak bi aldeetatik bota ahal izango dira, edukiontzien bolumena ere ondo aprobetxatzeko. Edukiontzi kopurua egungo garbigunearekin alderatuta, handitu egingo da; garbigune berriak 15 edukiontzi izango ditu eta autokonpaktagailuak ere jarriko dira, hondakinek bolumen gutxiago hartzeko.
2023ko azken hiruhilekorako martxan
Zarauzko garbigune berria eraikitzeko lanak 3 fasetan banatuta daude eta lehena, hain zuzen, espazio berria eraikitzeko fasea, martxa onean doa eta aurreikuspenen arabera, uda ostean, irailean, amaituko dira lanak. Horri jarraiki, garbigune berria martxan egongo da urteko azken hiruhilekorako.
Une honetan, garbiguneko hormigoizko hormak eraikitzen ari dira. Ondoren, beheko plantari eta goiko plantako bulegoari eta estalpeari ekingo zaie eta amaitzeko garbigune barruko urbanizazioa egingo da. Horrekin batera, garbigune berria martxan jartzeko, edukiontzi eta autokonpaktagailu berriak erosi behar dira eta hornikuntza horiek egiteko lehiaketa laster jarriko du martxan Udal Elkarteak.
Bigarren fasean, egungo garbigunea eraitsiko da eta bertako jarduera bukatzen denean, lurzoru kalitatearen ikerketa egin beharko da. Ikerketa lanek 6 hilabete inguru beharko dituzte. Amaitu ahala, azken fasean, lurzoru hori urbanizatuko da. Bigarren eta hirugarren fasea 2024an zehar gauzatuko dira.
Urola Kostako Udal Elkarteak, guztira, 1.347.273,19€ bideratu ditu lan horietara, 1.171.517€ garbigune berria eraikitzeko, 99.066€ egungo garbigunea eraisteko eta beste 76.689€ eraitsitako garbigunea urbanizatzeko.
Amaitzeko, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak eskerrak eman dizkio Zarauzko Udalari “gure eskualdearentzat proiektu hain estrategikoa den hau egi bilakatzeko funtsezkoa izan baita Zarauzko Udalak egin duen lurren lagapena”.