Eduki publikatzailea
Atzealdea

Irekita Hazilan programaren azken edizioan parte hartzeko izen-ematea

Egitasmoari buruzko xehetasun guztiak azaltzeko, informazio saioa egingo da uztailaren 19an

2022·07·12


14.edizio honekin emango zaio amaiera gazteak lan munduan murgiltzeko programari. Aurreko edizio guztiak kontuan hartuta, parte hartzaileen erdiak baino gehiagok lortu du lana Hazilan ekimenari esker. 

Urola Kostako Udal Elkarteak HAZILAN egitasmoaren hamalaugarren eta azken deialdia egin du. Egitasmoa eskualdeko enpresa, eta langabe edota lana hobetu nahi duten 20-44 urte eta goi mailako ikasketak dituztenei bideratuta dago; langabeen kasuan laneratzen laguntzeko, lanean ari direnen kasuan beren lan aukerak hobetzeko.

Partaide guztiek izango dute enpresetan egonaldia egiteko aukera. Dagoeneko zabalik dago izen-ematea eta azken edizioari buruzko xehetasun guztiak azaltzeko, informazio saioa egingo da uztailaren 19an. Bilera Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan izango da; hurrengo asteartean, 11:00etan.

Prestakuntza trinkoa eta praktikak enpresetan

Ohiko egiturari eutsiz, programak hiru atal nagusi izango ditu. Lehendabizi, zeharkako konpetentziak landuko dira bizipen-prestakuntza pertsonalizatua eta integrala eskainiz. Ondoren, praktikaldiari ekin aurretik, prestakuntza trinkoari helduko zaio: hain zuzen ere, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketina behar bezala egiteko gakoak ezagutuko dituzte partehartzaileek. Amaitzeko, beti ere norberaren lanbide-profilaren arabera, eskualdeko enpresaren batean 200 orduko praktikaldia egiteko aukera izango dute.

Orain arte, ibilbide emankorra izan du ekimenak Urola Kostan. Aurreko  edizioetan zehar, guztira, 192 pertsonek hartu dute parte eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte eskualdeko zenbait enpresetan (praktikak, prestakuntza lanpostuan...). Parte hartzaileen erdiak baino gehiagok lortu du lana.

Printzipioz, aurrez aurreko prestakuntzari eutsiko zaio; beti ere, segurtasun eta prebentzio neurri guztiak errespetatuta, jakina. Edozein kasutan, osasun egoeragatik aurrez aurreko saioak bertan behera geratuko balira, Urola Kostako Udal Elkarteak prest ditu baliabide guztiak, etenik gabe, programa online aurrera eramateko. Hala balitz, aurrez jakinaraziko zaie partaideei.

Informazio saioa

Informazio-saio bat egingo dugu interesa duten pertsona kualifikatuentzat, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko:

  • Eguna eta ordua: uztailak 19, asteartea, 11:00etan
  • Non: aurrez aurre, Urola Kostako Udal Elkarteko egoitza nagusian.
  • Informazio saioan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da galdetegia beteta.  Ondoren, saiora sartzeko esteka jasoko du interesdunak bere posta elektronikoan.

Programaren xehetasunak

Programak, hiru atal nagusi izango ditu: lehendabizi AKTIBATU fasea (zeharkako konpetentziak lantzeko), ondoren PRESTATU (prestakuntza osagarria) eta, azkenik, KOKATU fasea (praktikaldia enpresetan). Hona hemen xehetasunak:

AKTIBATU urratsa (80 ordu):

Bizipen-prestakuntza pertsonalizatua eta integrala eskainiz, zeharkako konpetentziak landuko dira: proaktibitatea, norbere buruarekiko konfiantza, taldean lan egiten jakitea, hautaketa prozesuak…

  • Egutegia: 2022ko irailaren 19tik azaroaren 8ra bitartean.
  • Ordutegia: astelehenetik ostegunera (09:30etik 13:30era)

PRESTATU (24 ordu): PRESTAKUNTZA TEKNIKOA online - Nire marketina sareetan  

Helburu orokorra da, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketing-a egiteko gakoak ezagutzea. Besteak beste, ondorengo gaiak landuko dira:

  • Norberaren marka pertsonala: Profil profesionala, digitalki.
  • CV digitala: Wix, Bideocurriculum-a, Linkedin…
  • Sare sozialetako estrategia: Facebook, Instagram, Twitter…
  • Hainbat erreminta digital: Trello eta Google-eko erremintak, besteak beste.
  • Egutegia: 2022ko irailaren 23tik urriaren 28ra bitartean.
  • Ordutegia: ostiraletan (09:30etik 13:30era).

KOKATU fasea (200 ordu) :

Lanbide-profilaren arabera, benetako lan esperientzia lortuko da. Praktikak egiteko lanpostua eta norberaren profila kontuan hartuko dira.

  • Egutegia: 2022ko urritik abendura bitartean.
  • Ordutegia: astelehenetik ostiralera, gehienez ere 6 orduko lanaldia

​Informazio guztia eskuragarri hemen

Argibideak eta izen- ematea:

Dagoeneko zabalik dago izen-ematea. Izena emateko orria eskura dago Udal Elkartearen egoitza elektronikoan.

Izen-emateari buruzko argibideak ere emango dira astearteko informazio saioan. Edozein kasutan, tramitazioa elektronikoa egin ezin dutenek, egoitzan elektronikoan dokumentua deskargatu, bete eta Udal Elkarteko egoitzara bertaratu beharko dute.

  • 943 89 08 08 (Vanessa Garcia)
  • hazilan@urolakosta.eus 

 Programa operatiboa 2016-2020 Hazilan proiektuak 5 urteko iraupena izango du (2016an hasi eta 2020an amaituko da). Proiektu hori Garapen Elkarteak (Garapen Agentzien Euskal Elkarteak) koordinatuko du eta 20 garapen agentziak hartuko dute parte, tartean Urola Kostako Udal Elkarteak. Proiektuaren %50 Europako Gizarte Funtsak (EGIF) finantzatuko du eta beste %50 garapen agentzia bakoitzak (gure kasuan Urola Kostako Udal Elkarteak).