Eduki publikatzailea
Atzealdea

Urrian ekingo zaio ‘Mikropreben’ programaren 9. edizioari, laneko arriskuen arloko prestakuntzaren inguruan

Aipatu programa eskualdeko autonomoei eta enpresa txikiei zuzenduta dago eta izen-emate epea dagoeneko zabalik dago urriaren 3a arte.

2022·09·20


Urola Kostako Udal Elkartetik babesa eskaini nahi zaie beren eguneroko lan-jardunean prebentzioa integratu nahi duten enpresa txikiei (25 langile arte). Enpresa guztiek ez dituzte ezaugarri berak eta neurrira egindako prebentzio-kudeaketa beti izango da eraginkorragoa. Horretarako, ezinbestekoa da gutxieneko prestakuntza jaso eta beharrezko dokumentazio guztia prestatzea. Enpresa txikiei egiteko horiek erraztera dator Mikropreben programa. 

Mikropreben programa enpresa arduradunentzat zein prebentzioan ardurak dituzten langileentzat zuzenduta dago. Enpresa arduradunen kasuan, programan bitartez gai izango dira beren enpresetan prebentzioaren kudeaketa beregain hartzeko; hau da, beren lan-jardunari dagokion laneko arriskuak identifikatu eta legeak eskatzen duen dokumentazioa prestatu eta lantzeko oinarrizko ezagutzak eskuratuko dituzte. Prebentzioan ardurak dituzten langileen kasuan, kanpo enpresaren bat kontratatuta izanik prebentzioaren kudeaketarako araudia eta ezagutza teknikoa eskuratzeko aukera izango dute.

Programa honetan parte hartzen duten enpresek, batetik, prestakuntza teoriko nahiz praktikoa jasoko dute (urria-azaroan zehar, 12 saio), eta ondoren, aukera zabalduko da, beren enpresako prebentzio plana idatzi eta prestatzerako garaian,  laguntza eta aholkularitza jaso dezaten. Aldi berean, enpresa txikiei egokitutako dokumentazioa eskainiko da, ulerterraza, erabat aplikagarria eta elebitan; euskaraz nahiz gaztelaniaz, alegia.

Programaren xehetasunak

Guztira, 30 orduko prestakuntza eskainiko da  Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian. Zehazki, hilabeteko iraupena izango du ikastaroak; urriaren 6an hasi eta azaroaren 17ra arte. Arratsaldez, 13:30etatik 16:00etara, 2,5 orduko 12 saiotan antolatu da ikastaroa. Eskolak astearte eta ostegunetan izango dira.

Prestakuntza saioetan ondorengo eduki zehatzak landuko dira:

  • Laneko segurtasun eta osasun arloan oinarrizko kontzeptuak
  • Arrisku orokorrak eta bere prebentzioa
  • Arrisku espezifikoak jardueraren arabera eta bere prebentzioa
  • Lan arriskuen prebentzioaren kudeaketarako oinarrizko arloak
  • Lehen sorospena

Prestakuntza hau, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak langile autonomoen artean Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko prestakuntza sustatzeko 2022ko programaren baitan dago eta langile autonomoentzat %100ean diruz lagunduta dago.

Programa egonkorra bezain gomendagarria

Gutxienez pertsona bat kontratatua duen enpresak lan arriskuen prebentzioaren arloko 31/1995 Legea bete behar du. Prebentzioa antolatzeko, ordea, aukera edo modalitate ezberdinak daude enpresa-jarduera, tamaina eta dituen baliabideen arabera.

Hauek dira LAP-ko Legea betetzeko arrazoi nagusieneak:

  • Legearen aurrean, enpresaburua bera da arduradun bakarra.
  • Ez-ezagutzak ez du erantzukizunetatik salbuesten.
  • KPZ kontratatzeak ez du erantzukizunetatik salbuesten.
  • Langileen segurtasun eta osasuna bermatzea.

Legea ez betetzeak mota ezberdinetako hainbat arau-hauste egitera eraman dezake enpresaburua; hala nola, arau-hauste administratiboak, sozialak, zibilak, penalak edota diziplinazkoak.

Hala, hauexek dira programaren helburu nagusienak:

  • Eskaini laneko arriskuen prebentzioan oinarrizko ezagutzak eskualdeko enpresa txikiei.
  • Erraztu enpresa arduradunei prebentzio arloan legearen eskakizunak betetzen.
  • Eskaini betebeharrak egikaritzeko tresna egokituak.

Urola Kostako Udal Elkarteak 2010. urtean ekin zion Mikropreben programa jorratzeari.

Orduz geroztik, urtez-urte egonkortzen joan den ekimena izan da eta ibilbide emankorra bezain oparoa izan du. Orotara, aurreko 8 edizioetan, 54 enpresa eta 55 enpresa-ordezkarik hartu dute parte. 

 

Informazioa eta izen-ematea: 

Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko kontsultatu HEMEN edo idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

Urola Kostako Udal Elkartea

Tel.  943 890808

enpresa@urolakosta.eus