Itsasotik herrira

Itsasotik Herrira

Sormen olatua

Bigarren urtez jarraian, Itsasotik Herrira jaialdia ospatuko da urriaren 11 eta 12an, Zarautzen. Iazko lehen edizioan bezalaxe, Urola Kosta eskualdeko izaera bereizten duen sormen eta kultura ondarea izango du oinarri ekimenak. Aurtengoan, gainera, ingurumena gaitzat hartuta landu da bi eguneko egitarau zabala. Hain zuzen ere, “Ingurumenaren uberan” goiburu hartuta garatu dituzte proposamenak ekimenean parte hartu duten eskualdeko artista eta sortzaileek.

Urola Kostako Udal Elkarteak sustatutako ekimena da, eskualde mailakoa, eskualdeko sormen eta kultura ondarea balioan jarri eta bertako herritarrei nahiz gurera datozen bisitariei gure aberastasuna ikusarazteko asmoz sortua.

Askoren artean elkarlanean ondutako egitaraua da: eskualdeko 5 herrietako udalak, eta nola ez, gure bailarako Kultura eta Sormen Industriaren ehuna osatzen duten profesional, eragile, elkarte, enpresa eta norbanakoak. Ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du. 

Egitaraua: urriak 11-12

  • Egitaraua osatu dugu 50 eragile baino gehiagoren elkarlanarekin.
  • Guztira,  20 ekimen inguru eskainiko ditugu, horietako asko propio Itsasotik Herrira ekimenerako sortuak.
  • Itsasotik herrirako bidean, diziplina anitzeko emanaldiak prestatu ditugu: eskultura, artisautza, dantza, kultura-ondarea, musika, antzerkia… ).
  • Ekimen batzuk itsasalde honetan, kostan, urte luzez pilatutako iragan-tradizioei egingo diete keinu; beste batzuk, aldiz, gaur egungo proposamen berritzaileenekin batera, gerora begira bide bat zabaltzeko asmoz eratu dira.

Ingurumenaren uberan

Iazko sormen olatua 5 herrietan lehertu bazen ere, 2. edizio honetatik aurrera “jaialdi ibiltaria” egiteko hautua egin da. Urtez urte jaia herriz lekualdatzea erabaki da; bereziki, “eskualdeko eskaintza herri guztietara modu nabarmenagoan gerturatzeko”.

Bestetik, jai ibiltaria izatearekin batera, edizioz edizio, gizarte intereseko gairen bat lehen lerrora ekartzeko apustua ere egin da. Hala, aurtengo jaialdian ingurumena izango da helduleku. “Ingurumenaren uberan” goiburu hartuta, egitarauaren baitako proposamen guztiak, nolabait, ingurumena gaitzat hartuta osatu dira. Esaterako, artista eta sortzaile batzuk ingurumena inspirazio iturri izan duten bitartean, beste ekimen batzuk ingurumena zaintzearen garrantziaz sentsibilizatzeko garatu dira.

Nortasun irudi berria

Jaialdiaren nortasun irudi berria ere badakar aurtengo edizioak. Eskualdeko sortzaileekin garatu den diseinuak “kostako irudi fresko-freskoa” du eta, aldi berean, ezin hobeto irudikatzen eta barne-biltzen ditu 5 udalerrien eta eskualdeko eragileen elkarreragina.

Elkarlanean 50 eragile, 14 diziplina, 20 ekimena

Itsasotik Herrira ekimenak berezi egiten duen bereizgarriren bat baldin badu, hori lankidetza da. Elkarlana, alegia, “lankidetzatik eta lankidetzan” sortutako proiektua baita. Udal Elkarteak eskualdearen potentzialitateak baliatu eta lankidetzaren bidetik bailara eraikitzen jarraitzeko konpromisotik gorpuztu da proiektua; eskualde mailako sektore-mahaitik jaio da egitasmoa.

Lankidetza ardatz, eskualde mailako ekimena 5 herrietako Udalekin elkarlanean garatu da, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin ere. Eta zuzenean ondu da, eskuz esku, bailarako sormen eta kultura ehun aberatsa osatzen duten profesional, eragile, elkarte, enpresa eta norbanakorekin. Zehazki, Udal Elkartearen sostenguaren txapelapean eta elkarlanean jardun duten 14 diziplinetako 50 eragile baino gehiagoren partaidetzarekin antolatu da jaialdia.

** Antolatzaileak: Urola Kostako Udal Elkarteak sustatutako ekimena da eta 5 herrietako Udaletako kultura sailekin elkarlanean garatu da. Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Laguntza izan du.