Ongi Etorri Euskararen Herrira
Ongi Etorri Euskararen Herrira

Helburua, beraz, euskarari turismo eskaintzaren barruan merezi duen lekua ematea: euskara Kosta Berdera datozenekin partekatuz, eta erabiltzeko gonbitea eginez.
2020tik hona ekimenak egin du bere bidea: euskarriak, kanpainak… gainera, euskararen gaineko begirada berria ekarri die ostalari eta komertzioetako langileei, ikusi baitute euskara aktibo ekonomikoa eta bereizlea izan daitekeela.
Baina, ekimenak berritzeko beharra izan du. Eta 2026an bigarren bizitza emango zaio egitasmoari.
Horretarako, irudia berritu diogu: freskoagoa, jendea erdigunean jarrita. Koloreak bizitu dira eta esaldi erabilgarriak txertatu dira (eskerrik asko, ongi etorri, kaixo…)
Mezu argiak zabaltzen ditu ekimenak:
- Gure bisitariak euskara ezagutzera, gure kulturara hurbiltzera eta bertako jendearekin harremanetan jartzera gonbidatzen ditugu, esperientzia osoago batez goza dezaten.
- Bertakoek euskara erabil dezaten eskatzen diegu, ez bakarrik bertakoekin, baita bisitariekin, turistekin eta mundu osotik etorritako jendearekin ere; izan ere, horixe baita iritsi berriek bilatzen dutena: kultura baten egiazkotasuna, bere hizkuntzarekin batera.
Egitasmoa Urola Kosta osatzen duten bost udalerrietako turismo eta euskara sailek batera, elkarlanean, osatu da. Urola Kosta edo Kosta Berdea: Aia, Orio, Getaria, Zarautz eta Zumaiak osatzen dute.