Gure politika eta ziurtagiriak
Politika eta ziurtagiriak
Kalitatea
2006an garapen agentziako zerbitzuen kalitate politika onartu eta politika hori betetzeko UNE EN ISO 9001:2008 arauetan oinarritutako kudeaketa sistema ezarri genuen. Geroztik, etengabe hobetuz eta kalitate ziurtagiria berrituz joan gara. 2018ko uztailean kalitatea kudeatzeko sistema eguneratu egin dugu UNE-EN ISO 9001:2015 arauaren argitara eta ziurtagiria eskuratu (indarrean 2021eko martxora arte). Hona hemen gure kalitate politikaren helburuak:
Pertsona erabiltzaileen beharrak asebete, zerbitzuak etengabe hobetu eta kalitatea hobetzeko konpromisoaren erakusgarri, honakoa da gure kalitate-politika: “ Agentziak zerbitzuen kalitateari dagokionez erabiltzaileek oso ondo balora dezaten lan egingo du eta, horretarako, gure kudeaketa sistemen eraginkortasuna etengabe neurtzen eta hobetzen eta zaintza modu sistematiko eta modu proaktiboan kudeatzen jarraituko du".
Politika hori gauzatuko da gure jarduna bideratzen duten oinarri hauetan:
- Gure ekimenen jomuga da gaur ditugun erabiltzaileek bihar ere gure zerbitzuak erabiltzea, bai berritzaile garelako, eskaintzen ditugun zerbitzuen gertutasunagatik, errespetuagatik eta konpromisoagatik.
- Konpromisoa hartzen dugu aplikatzekoa den araubidea nahiz Uda Elkarteak sinatzen dituen bestelako konpromisoak betetzeko.
- Ahalegin osoa egiten dugu erabiltzaileen asebetetzea gorena izan dadin, beren eskakizun ageriko nahiz inplizituak eta araubidearen eskakizunak betez.
- Gure zerbitzuak eta kalitatea, zaintza eta I+G+b kudeatzeko sistemen eraginkortasuna etengabe hobetzeko helburuarekin bideratzen ditugu.
- Lantalde egokia edukitzeko konpromisoa dugu, bere eginkizunak burutzeko behar den prestakuntza, kualifikazioa eta jarrera izango dituena.
- Hornitzaileak funtsezko eragiletzat hartzen ditugu, gure zerbitzuen kalitatea ziurtatzeari begira.
- Arriskuak eta aukerak atzeman, bideratu, etengabe berrikusi eta kudeatzeko oinarriak ezarri ditugu.
- Konpromisoa hartzen dugu inguruaren informazioa modu sistematikoan eskuratu, hautatu eta aztertzeko eta, ondoren, zabaldu eta komunikatzeko. Horren bidez, batetik, erabaki egokiak hartu eta emaitzen ustiaketaren jarraipena egin ahal izateko eta, bestetik, arriskuak eta aukerak atzemateko.
- Estrategia bezala, I+G+b sustatzea garapen sozioekonomikoa bultzatzeko.
- Horrekin guztiarekin batera, gure buruari jarritako erronka da kalitatea, zaintza eta I+G+b kudeatzeko sistemak ziurtatzea ezagun eta ospe handiko diren arauen argitara, hala nola UNE-EN ISO 9001:2015, UNE 166006:2018 eta UNE 166002:2014 arauak.
Prebentzioa
Urola Kostako Udal Elkarteak ahalegin berezia egiten du lan arriskuen prebentzioa bere jardunean integratzeko eta prebentzioaren kultura sustatzeko, batetik, indarrean dagoen araubidea betetzeko eta, bestetik eta bereziki, langileen bizi kalitatea eta lan baldintzak hobetzeko eta lana segurtasun eta osasun baldintza egokienetan burutzeko.
Prebentzioa lantzen dugu gure langileen jardunean eta erakunde gisa kontratatzen ditugun obra eta zerbitzuetan, baina baita eskualdeko herritar eta enpresei eskaintzen dizkiegun zerbitzu eta programetan ere.
Lan arriskuen prebentzioaren inguruko gaiak txertatzen ditugu langabeentzako, ekintzaileentzako nahiz enpresentzako prestakuntza ikastaro eta programetan. Gai hori bereziki lantzen eta zaintzen dugu langabeak kontratatzeko programetan (brigada eta gisa berekoetan).
Horrez gain, programa berezi bat dugu eskualdeko enpresa txikientzat (Mikropreben) prebentzio planak prestatu eta ezartzen laguntzeko.
Hizkuntz politika
Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak 2012ko martxoaren 13an onartu zuen Udal Elkartearen hizkuntz politika.
Funtsean, erakunde edo administrazio publiko gisa, Urola Kostako Udal Elkarteak bere egiten du bere esparruan euskararen erabilera normalizatzeko eta euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko egitekoa.
Laburbilduz, Udal Elkartearen zerbitzu eta lan hizkuntza euskara da, bai ahoz, bai idatziz. Herritar eta erabiltzaileei lehen hitza euskaraz egingo zaie eta beraiek hizkuntza aldatzen badute, orduan, beraiek aukeratutako hizkuntzan erantzungo zaie.
Udalen eta Udal Elkartearen arteko harremanak (ahoz nahiz idatziz) euskaraz izango dira eta Euskal Herrian kokatuta dauden administrazioekiko harremanak, ahozkoak nahiz idatzizkoak, euskara hutsean izatera joko da.
Politika orokor horrek konpromisoa hartzen du hori guztia bideratzeko behar diren baliabideak eskaini eta irizpideak ezartzeko.
Ingurumen politika
Ingurumenaren babesak leku nabarmena du Urola Kostako Udal Elkartearen helburuetan, izan ere, mankomunitate gisa ditugun eskumen eta helburuei ingurumena babesteko eta garapen eredu jasangarriak sustatzeko konpromisoak gehitzen zaizkie.
Udal Elkartearen ingurumen politikak hiru arlo hartzen ditu bere baitan: alde batetik, hondakinen prebentzioa eta kudeaketa, garapen eredu jasangarria ipar gisa hartuta; beste alde batetik, Urtetako zabortegiaren kudeaketari dagokionez, araubidea betetzeko eta eskura dauden baliabide eta teknika egokienak erabiltzeko konpromisoa; eta, azkenik, Udal Elkartearen jardun orotan ingurumena babesteko konpromisoa.