Eskolako Agenda 21
Eskola Agenda 21a garapen iraunkorreko ingurumen hezkuntza lantzeko tresna da. Eskola Agenda 21 hezkuntza-komunitateak ikastetxeetako eta bere inguruko ingurumenaren kalitatearen eta iraunkortasunaren alde lan egiteko hartutako konpromisoa da.
- Eskola-ingurunearen kudeaketa iraunkorra eragin: ikastetxeko eta inguruko ingurumenaren iraunkortasunaren azterketa egiten da.
- Curriculumaren berrikuntza: ingurumen hezkuntza indartzen da eta parte hartzeko metodoak aztertu, ingurumen-gaiak sakondu eta ingurumenaren erabilera didaktikoa bideratzen da.
- Komunitatearen parte-hartzea: Tokiko Agenda 21ean parte hartzea bultzatzen da eta herriaren egoera hobetzeko proposamenak udal ordezkariei aurkezten zaizkie.
Badira urte batzuk Udal Elkartea eta eskualdeko udalak eta ikastetxeak Eskolako Agenda 21 egitasmoa lantzen hasi zirela. Zarautzen 2002-2003 ikasturtean hasi ziren eta gainontzeko herrietan 2005-2006 ikasturtean. 2005. urteaz geroztik Udal Elkarteak koordinatzen du egitasmoa.
Hainbat gai landu dituzte ikasleek urtez urte:
- 2009-2010 ikasturtean mugikortasuna
- 2010-2011 eta 2011-2012 ikasturteetan biodibertsitatea
- 2012-2013 ikasturtean zarata eta uhin elektromagnetikoak
- 2013-2014 eta 2014-2015 ikasturteetan elikadura jasangarria
- 2015-2016 ikasturtean ekitatea
2015-2016 ikasturtean ekitatea
Guztiok aukera berdinak al ditugu? Zer egin dezakegu sexua, arraza, jaioterria, hizkuntza edota gaitasuna bezalako ezaugarriak gizabanakoaren garapenean oztopo izan ez daitezen? Erantzunak zure herriko Eskolako Agenda 21eko udalbatzar berezian topatuko dituzu. Zatoz!
Galdera horiei erantzuteko erronkari aurre egingo diote oraingoan Urola Kostako ikasleek. Izan ere, 2015-2016 ikasturteko Eskolako Agenda 21 programaren bitartez aztertuko duten gaia ekitatea izango da. Baina zer da ekitatea? Hitz potoloa izanagatik, ez da urruti geratzen zaigun gaia, egunerokotasunari estuki lotuta baitago. Telebista piztu eta albistegiei erreparatzea edo edozein egunkariko berriak irakurtzea nahikoa da ekitatetik oso urruti gaudela konturatzeko.
Jatorrizko herrialdeetatik ihesi ateratzen diren milaka eta milaka pertsona albiste dira aspalditik. Gerrak, gosea, langabezia, askatasun eza eta beste hainbat arrazoi dira beharturiko migrazio horien bultzatzaile. Hala, munduko mapan 4 leku ezberdin zoriz aukeratuko bagenitu, haietan bizitzeko baldintzak ezberdinak direla konturatuko ginateke segituan. Herrialde bakoitzaren giza garapen indizeak horren berri ematen digu, Norvegia eta Nigerren arteko aldea izugarria dela ondorioztatzen duelarik.
Desorekak, ordea, ez dira soilik herrialdeen artean ematen, herrialde barruan ere ohikoak izaten baitira, batzuetan bereziki. Gurean ere pobrezia, ezberdinarenganako mesfidantza, emakumeenganako gutxiestea, hainbat pertsonen gizarteratzeko zailtasunak eta abar luzea topatzen dugu kaleetan. Hala, gertuko arazo horiei erreparatuko diete Urola Kostako ikasleek herriko diagnostikoa egiteko.
Herri bakoitzaren diagnostikoan antzemandako gabezien berri ematearekin batera, haiek konpontzeko proposamenak ere luzatuko dizkiete ikasle ordezkariek herri bakoitzeko udal ordezkariei. Hori guztia, hartara bereziki antolaturiko udalbatzarrean burutuko da, herritar guztiak bertaratzeko gonbidatuak izango direlarik.
Finean, norbanakoen berezko ezaugarrietara egokituriko baliabideak eskainiz, pertsona guztiek aukera berdinak izateko eta biztanle guztien ongizatea bermatzeko bidean aurrera egingo da 2015-2016 urteko Eskolako Agenda 21ean, hori baita ekitatea.