Berriak

Euskara lehiakortasun aldagai gisa lantzeko proiektu pilotu bana egingo dute EAEko bost garapen agentziak

Proiektu pilotua ‘Hizkuntzak kudeatzen’ egitasmoaren barruan kokatzen da, Garapenek, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailarekin batera, martxan jarri duena

2023·09·11


2023aren abiaburuan ekin zitzaion “Hizkuntzak kudeatzen” proiektuari, eta une honetan, bigarren faseari helduko zaio. EAEko bost garapen agentziarekin egingo den esperientzia pilotua enpresetan hizkuntzen kudeaketa lehiakortasun elementu gisa lantzearekin dago lotuta.

Hizkuntzen kudeaketa enpresetan

Garapen agentziek enpresen beharrak antzematen eta haien neurriko laguntzak eta irtenbideak eskaintzen jarduten duten heinean, haien helburua da enpresei laguntzea euren kudeaketa ereduak, lehiakortasuna eta produktibitatea egungo merkatuak eta gizarteak eskatzen duten mailan egon daitezen. Gero eta globalizatuagoa den mundu batean enpresen lehiakortasuna baldintzatzen duen faktoreetako bat hizkuntzen kudeaketa da, hizkuntzek balio integratzailea baitute, besteak beste. Gure inguruko enpresen kasuan, euskara, hizkuntzen kudeaketa orokor horren baitan kontuan hartu beharreko hizkuntza da, negoziorako faktore gisa, bezeroen asebetetzerako eta langileen balio motibatzaile gisa nahiz gizarte erantzukizunaren adierazle modura.

Garapen elkarteko presidente Fernando Nebredak hizkuntzen kudeaketa eraginkorraren garrantzia nabarmentzen du: “XXI. mendeko enpresa aurreratua izan nahi duenak hizkuntzen kudeaketa aurreratua egin beharra du, besteak beste. Bezeroei, erabiltzaileei, hornitzaileei eta, jakina, langileei eurek nahi duten hizkuntzan jardutea erraztu eta ahalbidetu behar die enpresa lehiakorrak. Are gehiago, hizkuntzen kudeaketa egokian egon liteke askotan negoziorako giltza”.

Pilotua bost garapen agentziatan

Egitasmoaren bigarren fasean, pilotua gauzatuko da bost garapen agentziatan, AHIZE aholkularitza etxearen laguntza teknikoarekin.

Pilotu horren helburua, garapen agentziek, euren teknikarien bidez, enpresei hainbat aholkularitza eta zerbitzu eskaintzen dizkietela kontuan izanik, hizkuntzen kudeaketa egokia egitearen garrantzia enpresei transmititzeko beharrezkoak diren materialak, metodologia, diskurtsoa eta bitartekoak sortu eta agentzietako teknikarien eskura jartzea da.

Bi orduko bi lan saio izango dira: ‘komunikazio lanketa edo sentiberatzea’ eta hizkuntza eta euskararen kudeaketari buruzko diskurtsoaren lanketa’. Horrez gain, agentzia bakoitzarekin kasu zehatzak lantzeko aholkularitza pertsonalizatua egingo dute.

Amurrio Bidean, Bermeoko Udala, Barakaldoko Udala-Inguralde, Goieki eta Urola Kostako Udal elkartea garapen agentziek hartuko dute parte hurrengo hilabeteetan gauzatuko den esperientzia pilotuan.

Parte-hartze esanguratsua lehenengo fasean

Maitzaren 16an Zarauzko Urola Kostako Udal Elkartean, eta 25ean, Garapenen Boroako bulegoetan, ‘Hizkuntzak kudeatzen’ formakuntza saioak egin ziren proiektuaren lehenengo fasearen barnean.

Bi formakuntza saio horietan Garapen elkartea osatzen duten 34 garapen agentzietako 30 bat teknikarik hartu zuten parte. Hizkuntzen kudeaketak enpresen lehiakortasunean duen eraginari buruz hausnartzeaz eta sakontzeaz gain, ariketa praktikoak egin zituzten saio horietan, lagungarriak izan daitezkeen tresnetan sakonduz eta kasu praktikoak landuz.

Bai Eusko Jaurlaritza zein Garapen elkartea gustura daude lehen fasean lortutako emaitzekin. Era berean, oraingo pilotua, aurrera begira, bide luzeago bati ekiteko baliagarri izatea espero da.