Berriak

Apirilaren 17an hasiko dira Coworking espazioaren eraikuntza lanak, UKUEk sustatuta

Coworking espazioen helburua da eskualdeko ekintzaileek zein enpresa sareek elkarlanerako gune bat izatea.

2023·03·22


Urola Kostako Coworking gunea errealitate bilakatzear dago; izan ere, datorren apirilaren 17an hasiko dira espazio berri hori eraikitzeko eta egokitzeko lanak. Espazioaren helburu nagusia da eskualdeko ekintzaileei zein enpresa sareari lankidetzarako, sorkuntzarako, garapenerako eta negozioak abiarazteko espazioa eskaintzea.

Lourdes Salsamendi Mankomunitateko presidenteak eta Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko 2. alkateordea elkarlanean aritu dira proiektu hau aurrera eramaten. Horren harira, Salsamendik adierazi du Coworking gunearen ideia duela bi urte sortu zela, “2021eko aurrekontuetan adostasunez lortutako akordioari esker, baina exekuzio-prozesua nahi baino gehiago luzatu da, pandemiak eragindako geldialdiagatik lehenbizi eta, ondoren, gerrak eragindako prezioen garestitzeagatik. Ondorioz, bitan gelditu da hutsik eta proposamenik gabe obrak esleitzeko lehiaketa”.

Orain, ordea, martxoa onean doa prozesua eta Vazquez eta Salsamendi pozik daude proiektuarekin: Udal Elkartetik etengabe egiten dugu lan herritarren behar eta eskaera guztiei erantzuteko. Ildo horretan, enpleguaren sustapena gure erronka nagusietako bat da oraindik ere, eta Coworking espazioaren bitartez, bultzada bat eman nahi diegu negozio-ideia bat izan eta aurrera eraman nahi duten ekintzaileei eta dagoeneko abian direnei ere”, adierazi du Salsamendi lehendakariak.

Herritar ekintzaileei bideratutako eta emakumeak ardatz izango dituen proiektua

Coworking espazioa Udal Elkartearen egoitzan kokatuko da, eta elkarlanerako eta lankidetzarako espazio bat eskainiko die herritar ekintzaileei eta eskualdeko enpresa-sareari. Gainera, emakumeak izango dira proiektu honen funtsezko ardatza.

“Historikoki, emakumeok zailtasun handiagoak izan ditugu lan-munduan txertatzeko, eta, gaur egun ere, zailtasun horiek nabariak dira. Horrek dakar emakumeen eta gizonen arteko desoreka lan karguetan, soldatetan, kotizazio urteetan… Besteak beste, horregatik jarri nahi dugu emakumea Coworking espazioaren erdigunean”, azpimarratu du Vazquezek.

Urteko 365 egunetan 24 orduz herritarren eskura

Coworking guneak hiru helburu argi ditu: herritar, ekintzaileen edo enpresen arteko sinergia lortzea, eta bereziki, emakumeen artekoa, partaidetzaren eta ko-sortzearen kultura bultzatzea eta banakako proiektu profesionalak zein enpresen proiektu profesionalak garatzeko gaitasuna sustatzea.

Horretarako, urteko 365 egunetan 24 orduz egongo da herritarrentzat zabalik, eta, besteak beste, lan mahaiak, bilera gelak, atsedenlekuak, inprimagailuak, eskanerrak edota Wi-Fi konexioa eskainiko ditu erabiltzaileentzat.

Era berean, dinamizazio-zerbitzu bat ere egongo da, Garapen Agentziak ematen dituen zerbitzuekin batera, ekintzaileen eta enpresa-sarearen arteko sinergiak sustatzen lagunduko duena. “Espazioak berak eta bertan dauden pertsonen eta proiektuen artean eman daitekeen elkar-trukeak proiektuak hasteko edota berriak sortzeko aukera paregabea eskaini dezake. Ekintzaileen eta enpresa-sarearen arteko harremanari esker, Coworking espazioa ekoizpen-gune bihurtuko da. Coworking guneak dinamizazio-zerbitzu egokia izango du bi aldeen arteko harreman hori bermatzeko, eta, era berean, zerbitzu hori eskualdean sor daitezkeen beste udal-coworking gune batzuetan eman ahal izango du”, adierazi du Lourdes Salsamendik.

Espazioa eraikitzeko lanak apirilaren 17an hasiko dira, eta 4 hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da. Guztira 213.202€ bideratu ditu Udal Elkarteak lan horietara.