Berriak
Atzealdea Hazilan programaren 5. edizioa, praktikak enpresetan
2018·01·11
Urola Kostako Udal Elkarteak HAZILAN PROIEKTUAren bosgarren edizioa jarri du martxan. Orain arte egin ditugun 4 edizioetan 62 pertsonek hartu dute parte eta gaitasun sozioprofesionalak landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte enpresetan (praktikak, prestakuntza lanpostuan, proiektuak...). Parte hartu duten pertsonen %50 laneratu egin da, programak irauten zuen bitartean edo hurrengo sei hilabeteetan. Horrekin batera, enpresetan praktikak egin dituzten 20 pertsonetatik 6 praktikak egindako enpresan bertan kontratatu dituzte.
Oraingo hau bosgarren edizioa da eta 2018ko otsailean hasi eta uztailean amaituko da.
Programak bi fase edo atal izango ditu: lehendabizi AKTIBATU fasea, zeharkako konpetentziak lantzeko eta, ondoren, KOKATU edo LANEKIN fasea, enpresetan praktikak egiteko.
AKTIBATU urratsa (80 ordu): Zeharkako konpetentziak landu
- Zeharkako konpetentziak landuko ditugu, ikasitakoa egiteko eta praktikatzeko metodologia erabiliz. Gaur egun enpresak gero eta gehiago eskatzen ari diren konpetentzia pertsonalak eta profesionalak landuko ditugu (proaktibitatea, norbere buruarekiko konfiantza, taldean lan egiten jakitea…).
- Egutegia eta ordutegia: otsailaren 5etik martxoaren 22ra.
- Egunak: astelehenetik ostegunera 9:30etik 13:30era.
KOKATU edo LANEKIN fasea (300 ordu): praktikak enpresetan
- Kokatu: benetako esperientzia lortuko duzu zure lanbide-profilaren arabera. Praktikak egiteko lanpostua eta zure profila kontuan hartuko dira.
- Lanekin: enpresan bertan prestatuko zara lanpostu zehatz bat betetzeko. Ikuspegi horri esker, prestakuntza lanpostuaren premietara egokituko da, izan ere, enpresako kide bat arduratuko da ikaskuntza prozesuari jarraipena egiteaz.
- Noiz: apirila- uztaila,
- Egunak: astelehenetik ostiralera, gehienez ere 6 orduko lanaldia
Zer da Hazilan?
Gazteei gaur egun beharrezko dituzten trebetasunak bereganatzen laguntzeko eta, era berean, enpresek dituzten beharrei erantzuteko programa da. Programaren balio erantsia da esperientzian oinarritutako ikaskuntza jasotzea, hain juxtu ere gaur egun enpresek eskatzen dituzten trebetasun eta konpetentziak lantzeko.
Izen-ematea eta informazio-saioa: izena emateko epea izango da urtarrilaren 11tik 26ra.
Informazio-saioa egingo dugu, interesa dutenei programaren xehetasunak azaltzeko:
- Eguna: urtarrilak 19
- Ordua: 11:00-12:00
- Non: Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea, Zarautz)
Argibideak, xehetasunak, egutegia, ordutegia... hemen
Programa operatiboa 2014-2020
Hazilan proiektuak 5 urteko iraupena izango du (2016an hasi eta 2020an amaituko da). Proiektu hori Garapen Elkarteak (Garapen Agentzien Euskal Elkarteak) koordinatuko du eta 20 garapen agentziak hartuko dute parte, tartean Urola Kostako Udal Elkarteak.
Proiektuaren %50 Europako Gizarte Funtsak (EGIF) finantzatuko du eta beste %50 garapen agentzia bakoitzak (gure kasuan Urola Kostako Udal Elkarteak).