Berriak
Atzealdea

Amiantoa egoki kudeatzen erakusteko jardunaldia

Jardunaldia urriaren 26an izango da eta eraikuntza, eraikinen birgaitze eta instalazioen mantentze-laneko enpresei edota autonomoei dago zuzenduta.

2022·10·13


Amianto guztia ez da arriskutsua, mineral inerte bezala ez dio kalterik eragiten osasunari, baina manipulatuz gero, arnastuta, osasunean kalte larriak eragin ditzake.

Horri lotuta, dagoeneko duela 20 urte debekatu zen amiantoa duten produktu berriak fabrikatzea eta merkaturatzea. Esposizioa neurri handi batean saihesteko neurria izan zen, baina ez du arriskua erabat desagerrarazi; arriskua mantendu egiten da gaur egun amiantoa instalatuta dagoen eraikinetan eta gaur egun erabiltzen diren materialekin zuzeneko edota zeharkako esku-hartzeak egiten badira.

Arlo honetan indarrean dagoen araudiak lan-ingurunean amiantoarekiko esposizioak sor daitezkeen egoerei erantzuten die. Araudi hori enpresa askotan aplika daiteke, besteak beste, eraikinen eraikuntzarekin eta birgaitzearekin, eraispenarekin, amiantoaren erretiratzearekin, instalazioen mantentze-lanekin, hondakinekin eta zabortegiekin lotutakoekin, alegia. 2022an, gainera, amiantoaren gida teknikoaren eguneratzea argitaratu da, enpresei legediaren aplikazioa errazteko irizpideak eta gomendioak emateko.

Hori guztiagatik, Urola Kostako Udal Elkarteak, Eusko Jaurlaritzako  Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasun eta Ingurumen sailaren laguntzarekin eta Osalan eta Anedes-en babesarekin “Amiantoa egoki kudeatzeko gakoak” jardunaldia antolatu du. Honen helburua da eskualdeko enpresei amiantodun materialekin lanak behar bezala kudeatzeko informazio zehatza eta praktikoa ematea.

Jardunaldia, eraikuntzaren, eraikinen birgaitzearen eta instalazioen mantentze-lanen sektoreko enpresa eta pertsona autonomoei zuzenduta dago. Urriaren 26an izango da, asteazkena, eguerdiko 12:00etan, Urola Kostako Udal Elkartean.

Informazio gehiago jasotzeko: enpresa@urolakosta.eus edo 943 89 08 08.