Berriak
Atzealdea

Ekintzaileei eta eskualdeko enpresei zuzenduriko bi dirulaguntza deialdi zabaldu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak

Laguntza lerro bat ekintzailetza eta enpresen lehiakortasuna hobetzera dago bideratuta eta bigarrena, aldiz, eskualdeko enpresek langabeak kontratatzeko laguntza da. Datorren urtarrilaren 11n, deialdien xehetasunak eta eskaerak izapidetzeko nondik-norakoak azaltzeko aurkezpen jardunaldia egingo da 9:30ean Udal Elkartean bertan.

2022·12·23


Urola Kostako Udal Elkarteak, eskualdeko hiri ekonomia babestu eta indartze aldeko apustuan, ekintzaileei eta eskualdeko enpresei zuzendutako bi dirulaguntza deialdi zabaldu ditu, hain zuzen, ekintzailetza eta enpresen lehiakortasuna hobetzera bideratuta bata, Udal Elkarteak finantzatuta, eta eskualdeko enpresek langabeak kontratatzeko, bestea, azken hau, UKUEko Enplegu Planaren baitan jasoa eta Lanbide-Euskal enplegu zerbitzuak finantzatua.

Urola Kostako Udal Elkarteak guztira 458.227,53€ bideratu ditu bi laguntza lerro horietara eta helburu du, horien bitartez, eskualdeko ekonomiari eta enpleguari bultzada ematen jarraitzea, negozio berri bat martxan jarri nahi dutenei laguntza eta babesa eskainiz, dagoeneko martxan dauden enpresen lehiakortasuna mantenduz, hobetuz eta bermatuz eta eskualdeko langabezia tasa gutxitzeko laguntzak eskainiz eta langabeen kontratazioa bultzatuz.

Informazio eta aurkezpen bilera urtarrilaren 11n

Deialdien inguruko xehetasunak azaltzeko eta interesdunei eskaeren izapidetzea egiteko erraztasunak eskaintzeko, Udal Elkarteak informazio eta aurkezpen saioa antolatu du datorren urtarrilaren 11n. Bilera 09:30ean izango da Udal Elkartearen egoitzan bertan.

Aurkezpen jardunaldian parte-hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea ondorengo galdetegi hau beteaz.

1. Ekintzailetza bultzatzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak

Dirulaguntza honen funtsa da negozio berri bat martxan jarri nahi duten ekintzaileei bultzada ematea eta egungo enpresen martxa ona bermatzeko laguntzak eskaintzea. Guztira 207.527,56€ bideratu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak laguntza lerro honetara.

Deialdiaren ezaugarriak

Deialdi honek 2 laguntza lerro jasotzen ditu:

  • Jarduera ekonomiko berrien sustapena.
  • Inbertsioetarako laguntzak

Horien baitan, diruz lagunduko dira 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean burututako jarduerak.

Eskaerak aurkezteko epea

Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 24an hasi eta 2023ko urtarrilaren 31an amaituko da.

Eskabideak aurkeztea eta izapidetzea

Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira, esan bezala, urtarrilaren 31rako, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza elektronikoan (dirulaguntzen atalean, dagokien eskabidea beteaz). Aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskaera orria bertan daude eskuragarri.

2. Enpresentzat dirulaguntzak, langabeak kontratatzeko. Enplegu Plana 2022

Laguntza lerro hau eskualdeko enpresei bideratutako dirulaguntza da, kontratazio gastuei aurre egin eta eskualdeko langabeen kontratazioa errazteko.

Deialdi hau enplegua sustatzeko 2022ko planaren baitan kokatzen da eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatzen du. Hau da, deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022ko Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzen baitan kokatzen da eta, horrenbestez, deialdi honek Lanbideren 2022ko deialdiak ezarritako baldintza guztiak bete behar ditu. Guztira, 250.700,00 euroko aurrekontua jasotzen du deialdi honek.

Deialdiaren ezaugarriak

Deialdi honetan lehentasuna izango dute emakumeak kontratatzen dituzten eskabideek; izan ere, 18 diru laguntza gordeko dira emakumeak kontratatzeko eskaera egiten dutenentzat.

Horrekin batera, diruz lagunduko diren kontratuak mugagabeak izan beharko dira eta %50 edo %100ek lanaldikoak izan beharko dute, betiere, 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31a bitartean sinatutakoak.

Dirulaguntzen zenbatekoa

4.000€ eta 10.000€ arteko laguntza eskainiko da, kontratuaren eta kontratatzen den pertsonaren ezaugarrien arabera. Bete behar diren baldintzak, prozedura, eskabideak baloratzeko irizpideak eta gainerako xehetasunak oinarrietan daude zehaztuta.

Eskaerak aurkezteko epea

Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 24an hasi eta 2023ko urtarrilaren 31an amaituko da.

Eskabideak aurkeztea eta izapidetzea

Eskaerak eta erantsi beharreko dokumentazioa telematikoki aurkeztu behar da, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza elektronikoaren bitartez, dirulaguntzaren atarian sartuz eta horretarako dagokion eskabidea betez

Informazioa

Urola Kostako Udal Elkartea

  • 943890808
  • harrera@urolakosta.eus