Berriak
Atzealdea

Zibersegurtasunaren inguruko sentsibilizazio kanpaina abiaraziko du Urola Kostako Udal Elkarteak, eskualdeko enpresei zuzenduta

ZIURen (Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa) eskutik, guztira 3 jardunaldi antolatu ditu Udal Elkarteak: martxoaren 22an lehena, apirilaren 19an bigarrena eta maiatzaren 17an azkena.

2023·03·08


Enpresek euren sistema informatikoak babestu behar dituzte eta, horretarako, ezinbestekoa da zibererasoei aurre egiteko jarraibide eta protokoloak ezartzea. Izan ere, babestu gabeko sistema informatikoak kutsatzen badira, ekoizpen-kate osoa gelditzeko edota informazio guztia galtzeko arriskua dago.

Horri jarraiki, Urola Kostako Udal Elkarteak zibersegurtasunaren inguruko sentsibilizazio eta informazio kanpaina jarriko du abian martxoaren amaieran. Kanpaina hau hiru jardunaldiz osatuta egongo da eta eskualdeko enpresei zuzenduta dago.

Eskualdeko enpresen zibersegurtasuna bermatzea ardatz

ZIURekin (Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa) elkarlanean, antolatutako hiru jardunaldiek helburu izango dute eskualdeko enpresek zibersegurtasunaren alorrean urratsak ematea eta parte-hartzaileei segurtasun hori bermatzeko jarraibideak ezagutzera ematea.

Jardunaldiak %100 finantzatuta daude eskualdeko enpresentzat. Urola Kostako Udal Elkarteak ekimen honi babesa ematen dio bere pertsonal teknikoarekin, ETEen (ETE DIGITALA) eraldaketa digitalaren esparruan toki-garapenaren arloko lankidetza-gobernantza bultzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin 2022an sinatutako hitzarmenaren baitan.

  • 2023.03.22 9:30-11:00. Krisiaren kudeaketa: nola jokatu zibersegurtasuneko gorabehera baten aurrean? (online)

Lehen jardunaldiak zibersegurtasuneko gorabehera baten aurrean hartu beharreko jokabideak izango ditu hizpide. Jardunaldi honetan ziberintzidenteari aurre egiteko estrategia egokienak, eta ziberkrisi bati aurre egiteko jarraibide gomendagarrienak azalduko zaizkie parte-hartzaileei, baita enpresetan barne-protokoloa definitzeko lehen urratsak eta ziberintzidenteen simulazioak egitearen garrantzia ere. Amaitzeko, hitz egindakoaren eztabaida eta esperientzien trukea egiteko aukera izango dute.

  • 2023.04.19 9:30-11:00. Industria-enpresetako zibersegurtasunaren arloko praktika egokien dekalogoa (online)

Bigarren jardunaldia enpresa txikiagoei zuzenduta egongo da, euren barne-zibersegurtasuneko estrategiak eta ekimenak definitzen, ebaluatzen eta hobetzen laguntzeko. Era berean, Gipuzkoako industria-ingurunean mehatxuen egungo egoeraz hitz egingo dute ere, hackerren aurrean enpresa bakoitza hartzen ari den neurriak aztertzeko. Horrekin batera, epe laburrean, IT sailik izan gabe, ETEaren zibersegurtasunaren heldutasuna hobetzeko hartu beharreko oinarrizko neurriak ere azalduko dira eta aurreko kasuan bezala, amaitzeko eztabaida irekia eta esperientzien trukea egingo da.

  • 2023.05.17 9:30-11:00. TOPAKETA: Emakume ekintzaileak eta Zibersegurtasuna: ezinbesteko jarraibideak enpresa proiektuak segurtasunez abian jartzeko (aurrez-aurre)

Azken saioa, maiatzaren 17koa, generoari lotutako arrakala digitalaren inguruan sentsibilizatzeko saioa izango da. Kasu honetan, bereziki emakume ekintzaile, langile edo arduradunei zuzendutako topaketa izan nahi du eta horren baitan, digitalizazioak zibersegurtasunaren arloan ezartzen dizkigun erronkak, sare sozialak era seguruan erabiltzeko jarraibideak, iruzurrezko mezuak nola atzeman, tresna erabilgarriak eta pasahitzak behar bezala kudeatzearen garrantzia azalduko dira.

Izen-ematea

Saio guztiak goizeko 9:30-11:30 bitartean egingo dira, lehen biak online eta azkena, maiatzaren 17an, aurrez-aurre, Udal Elkartearen egoitzan. Jardunaldietan izena emateko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea, ondorengo esteka beteta.

Argibideak eta informazio gehigarria

Urola Kostako Udal Elkartea

Enpresetako Zerbitzua

  • 943 89 08 08
  • enpresa@urolakosta.eus