Berriak

Atzealdea Mugikortasun-plana: inkesta Zarauzko Abendaño, Urteta eta Errotaberri poligonoetako langileei

Helburua da poligono horietako langileen iritzia jasotzea, hiribusaren 3. linean egin beharreko egokitzapen eta hobekuntzak aztertzeko

2018·01·29


Garapen jasangarria da hazkunde ekonomikoa, kohesio soziala eta ingurumenarekiko errespetua uztartzea, era honetan gizartearen ongizatea eta bizi kalitatea bermatzeko eta aldi berean egungo eta etorkizuneko baliabide naturalen jarraipena bermatzeko.

Testuinguru horretan, hiri-garraioak eragin negatiboa du aipatutako oreka horretan,  ingurumenean zein herritarren osasun eta segurtasunean. Hori dela eta, Urola Kostako Udal Elkarteak mugikortasun baldintzak eta irisgarritasuna hobetzeko egitasmoa jarri du abian, betiere iraunkortasunaren ikuspegitik. Bailarako poligonoetako mugikortasun jasangarrirako egitasmo honekin lau helburu nagusi hauek lortu nahi ditugu:

  1. PARTAIDETZA: gobernantza eredu berriak inplementatzea. Lan egiteko modu berrien inplementazioa, beste eremuetara eraman daitezkeenak.
  2. INGURUMENA: mugikortasun ez jasangarriak eragindako inpaktuak murriztea.
  3. SOZIALA: enpresetako langileen eta lan bila dabiltzan pertsonen ongizatea bermatzea.
  4. EKONOMIKOA: Enpresen eta eskualdeko industrialdeetako lehiakortasuna sustatzea.

Gaur egun, ondorengo bi proiektu hauek abian ditugu:

Zumaiako poligonoak: Joxe Mari Korta, Guascor eta Xey industriaguneak
Zarauzko poligonoak: Abendaño, Urteta eta Errobaterri industriaguneak

Zarautz: Abendaño, Urteta eta Errotaburu poligonoak

Zumaiako poligonoen esperientzia pilotutik ikasitakoa oinarritzat hartuta, Abendaño, Urteta eta Errotaberri poligonoekin lanean hasi gara. Kasu honetan, abiapuntua ezberdina da, izan ere, Zarauzko udala industria gune hauetan jadanik  3. hiribus linearen zerbitzua eskaintzen ari baita.

Proiektu honen helburua da, beraz, Zarauzko Udalarekin elkarlanean, Abendaño industriaguneari zerbitzua ematen dion Zarauzko 3. autobus linea enpresen eta langileen beharretara behar bezala egokitzen den jakitea.

Inkesta

Helburu horrekin, inkesta bat egiten ari gara, Zarauzko Abendaño, Urteta eta Errotaberri poligonoetako enpresa eta langileen iritzia jakiteko. Galdetegiaren helburua da poligono horietako langileen iritzia jasotzea, hiribusaren 3. linean egin beharreko egokitzapen eta hobekuntzak aztertzeko.

Jasotako datuak landu eta Udalari bidaliko dizkiogu, zerbitzuan egin daitezkeen hobekuntzak bidera ditzan.

Inkesta online formatuan prestatu dugu. Eskura duzu hemen:

Mugikortasun Jasangarrirako Plana: inkesta

Udal Elkartearen egoitzan (harreran; Urdaneta bidea 6 Abendaño, Zarautz) ordenagailua eskuragarri jarri dugu, inkesta betetzeko.

Inkesta betetzeko azkeneko eguna izango da otsailaren 14a (asteazkena).