Berriak

TicketBAI sistemara egokitzeko, laguntza eta banakako aholkularitza eskualdeko merkataritza eta zerbitzu enpresentzat

Gipuzkoako Merkataritza Federazioarekin lankidetzan, doako aholkularitza pertsonalizatua eskainiko du Udal Elkarteak abendura bitartean

2021·11·03


Gipuzkoako Foru Ogasunak hartutako azken erabakiaren arabera, 2022ko uztailaren 1etik aurrera modu mailakatuan sartuko da indarrean TicketBai sistemaren derrigorrezko epea; eta txikizkako merkataritzak ere TicketBAI sistema berriarekin hasi beharko du lanean berandu baino lehen.

TicketBAI (TBAI) Eusko Jaurlaritzaren eta EAEko hiru foru aldundien artean partekatutako proiektua da. Funtsean, iruzur fiskalari aurrea hartzeko neurri bat da. Sistema indarrean sartzen denetik aurrera, jarduera ekonomikoren bat egiten duen edozein pertsona fisikok nahiz juridikok TicketBAIren baldintzak betetzen dituen fakturazio-sistemaren bat erabili beharko du. Ekimenak zenbait betebehar legal eta tekniko dakartza berarekin eta negozioek beren ekipamendu informatikoak egokitu beharko dituzte.

Aholkularitza, neurrira

Bide horretan, laguntza eskaini nahi die Udal Elkarteak eskualdeko merkataritza eta zerbitzu enpresei. Gipuzkoako Merkataritza Federazioarekin lankidetzan ondu da programa eta negozio bakoitzak bere berezitasunak dituela jakitun, norberaren egoera eta beharretatik abiatuta eskainiko da banakako aholkularitza.

Argibideak eta informazio gehiago

Zabalik dago izen-ematea azaroaren 30era arte. Plaza kopurua mugatua da eta aholkularitza izen-emate hurrenkeraren arabera eskainiko da.

Izena emateko edota informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi iezaguzu e-maila bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

Enpresentzako Zerbitzuak, (Eli Uzkudun)

  • enpresa@urolakosta.eus
  • Tel. 943890808